Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2010-02-06

Eta neguan gaude...

Badira aste batzuk, aspaldiko partez, nahiko mugituak izaten ari direnak. Lana eta burua okupatuta edukitzeko nahikoa aitzakia. Eta orain datozenek ere itxura hori dute. Gauza asko egiteko, gauza berri asko, eta beldur eta min berberak...

Kuriosoa da nahiz eta gauza batzuk aldatu gauza txarrek berdinean -edo okerragoan- irauten duten. Zein ondo geundekeen gure "tarak" konponduko balira, zeinen bizitza desberdina eramango genukeen... akaso bizitza "normal" bat...

Eta egunen batean konponduko dira, hala akaso ez... Eta gure helburuak bete ahal izango ditugu. Gertuko mendietan gora, beldurrik gabe ibili... udaberriko eguzkiaz eta loreez gozatu...

Eta neguan gaude... oraindik...

Luzerako?

2010-02-05

Furgonetan bidaiatzeaz....

Beste kasualitate batengatik irratian bidaien inguruko kronika bat egitea egokitu zait, eta azken bidaia luzeaz hitz egingo dut: Galizia furgonetan.

Eta bidaiaz beraz baino furgonetan bidaiatzeaz hitz egin nahiko nuke... eta nondik hasi... Batzuetan filosofia bat da, besteentzat erosotasun eta askatasuna... eta niretzat esperientzia.

Furgonetan bidaiatu behar duzunean prestatzeak izugarrizko garrantzia du, lekua mugatua da eta furgoneta izango da zure etxea bidaiak irauten duen egun guztietan, denak sartu behar du eta tokia geratu behar da erosotasunerako... Eta hori esperientziak ematen dizu, gutxinaka ikasten da zer behar den eta zer ez, eta neurria hartzen duzunean zoragarria da.

Nahi duzun tokian egin dezakezu lo (beno, salbuespen eta isunak alde batera utzita) eta nahi duzun tokian esnatu.

Eta azken bidaiak izugarrizko iluntze eta egunsenti politak eman zizkigun. Hilabetez Galizia ezagutu nahi genuen eta asko-asko geratu zitzaigun, leku izugarri politak topatu eta egun asko horietan igaro genituelako. Baina inondik inora ez genuen egunik alperrik galdu...

Furgonetan, kartetan edo partxisean jolasten zauden uneak ere bereziak direlako.

2010-02-04

Mamuak, damuak eta amuak

Ez dut inoiz sinistu zortean baina hasi naiz pentsatzen benetan zorte on eta txarreko boladak egon badaudela.

Kasualitatez lortu nuen izugarri betetzen nauen lan bat eta hasi bezain pronto, beste kasualitate baten ondorioz pila bat betetzen nauen beste lan bat topatu nuen... eta gainera biak bateragarriak..... Ondoren Italiarako bidaia bat tokatu zitzaidan, eta hurrena motxila bat eta beste gauza txiki batzuk...

Kontua da honek guztiak zer pentsatua eman didala, eta zortean sinisten hasi naizela. Ez, ez dut zortea ematen duen lepokorik edo erosiko baina noiz arte irauten didan zorte onak bai begiratuko dudala...

Eta zorteak, edo zoriak eraman nau egun berean espero ez dituzun bi elkarrizketa horietako izatera; iraganera itzultzera bi elkarrizketa guztiz independienteren ondorioz, eta ez hori bakarrik, bi elkarrizketek garai berera eramatea. Benetan bitxia. Garai berdineko gauza desberdinak etorri zaizkit gogora... Eta zenbat gauza!

Zortea izango zen, eta ona izan dela pentsatu nahi dut. Zorte oneko garaia bukatzerik ez dudalako nahi behintzat, zorte txarrekoa oso oso luzea izan da eta ez litzateke justua izango...

Kontua da, oroitzapen horiek ondorio batetara eraman nautela: ez dugu oroituko duguna aukeratzen eta auskalo hemendik 5 urtera zer gogoratuko dugun baina normalean, denborarekin gauza onak gehiago gogoratzen dira... behintzat gaur, irribarre handi batekin noa ohera... amaitu dira iraganeko mamuak, damuak eta galdutako amuak...

Ezin dugu gogoratuko duguna aukeratu baina nola gogoratu aukeratu dezakegu. Bizitakoaz ikastea, ikasitakoa bizitzea aukera dezakegu.

Zorte on!

2010-01-24

Sexuak beldurra ematen duen munduan

Beno, ez dakit izenburua egokiena ote den... akaso, "sexuaz hitz egiteak beldurra ematen duen munduan" beharko luke baina ez... zoritxarrez, oraindik sexuari beldurra diogu. Diogu diot gizarte osoaren izenean.

Eta bai, sexuari beldurra diogu, eta gehiago esango nuke, belaunaldi guztiek orokorrean 11 bat urteetatik aurrera... Eta bai, garaiak asko aldatu dira eta gaurko 80 urteko amona batek gaztetan eta 11 urteko haur batek gaur duen informazioa ez da berdina, askatasun gehiago dago, sexu-heziketa... baina beldurrak hor jarraitzen du. Zergatik? Ba ni ez naiz sexologoa, ezta soziologoa ere baina gauza bat esaten ausartuko nintzateke: ez dugulako naturaltasunez bizi.

Eta zergatik? Akaso denek beldurra dugulako, sexua hitz handia da gure ahoetan eta tabu bihurtzen dugu maiz, batzuek gehiago besteek gutxiago... Eta beldurrik gabeko belaunaldi bat lortzen ez dugun artean ez dugu beldurra galduko.

Baina alde batetik pozik nago. Pozik, lehengo batean izandako elkarrizketa batengatik. Sexuaz hitz egin genuen lagun batzuekin, 2 neska eta 2 mutil geunden. Eta halako batean mutil batek esan zidan "pila bat harritzen nau zu hain lasai hitz egiten ikusteaz" eta zuri geratu nintzen, ez nuen ulertzen zergatik... eta hau esan zuen ondoren "pila bat harritzen naiz, baina ez beldurtu, asko gustatzen naiz neska bat sexuaz naturaltasunez hitz egiten ikusteaz, zerbait aldatzen ari den seinale".

Eta nik ez dakit aldatzen ari den edo ez, nik sexuaz hitz egitea oso gogoko dut eta ahal dudanean egiten dut. Eta espero dut egunen batean autobusean, harategian, etxean edo eskolan entzuten den gai bat izatea... krisiari ez diogu ziur horrenbesteko beldurrik...

2009-12-08

EITB eta Euskara

Ez nator EITBren politikaz hitz egitera, ez azken aldaketez, kaleratzeez... Ez, gaurkoan.

Gaur haserre nator, guztiz haserre. Atzo Mikel Laboaren inguruko programa bat ETB1en emango zutela ikusi nuen nonbait eta ikustea erabaki nuen, kuriositate guztiarekin, zoritxarrez, nire gaztetasunagatik edo horrelako artisten historiaren inguruan gutxi dakidalako eta bere jatorriak eta historia ezagutu nahi nituelako... Eta jarri nuen ETB1 eta hasiera hasieratik haserretu nintzen.

Guztiz haserre ikusi nuen saio osoa. ETB1 zen, euskarazko katea izan behar zuena, hori uste nuen atzo arte behintzat. Zer eta Mikel Laboaren inguruko programan gaztelerazko interbentzio pila eta hauek denak azpititulurik gabe, eta ez hori bakarrik, katalanezkoak ere azpititulurik gabe, eta ez banago oso oker, alemanez edo beste hizkuntza batean zen zati batean azpitituluak bai, baina gazteleraz.

Ole, ole y ole!

Ez dute gehiago merezi.

2009-11-17

Korapilatzen

Eta konturatzen naiz azken aldian ez dudala batere zaindu bloga... Ez bere osotasunean ez ataletan ere... Eta ez dudala hitz egin lehen buruan maiz izaten nituen gaiez... Osasunaz, osakidetzaz, terapia alternatiboez (medikuntza tradizionala izenak beraiek beharko lukete izan, baina hori beste baterako), energiez, ilargiaz...

Ezta gripeAz ere... eta hobe, ze esaten hastekotan asko dago esateko. Eta bihar beste soka bati helduko diot, beno heldu edo, soka horrek nonbaitera ote naraman ikusiko dut, beno ez, nik badakit, sendagileek ikusiko dute... eta sokak nahikoa tiratzen badu horren atzetik joango dira, eta entzun egingo didate azkenean... eta bestela, ea beste soka erdi ustelen bat topatzen duten...

Baina energia ona dut barruan orain, harmonia. Eta osasunaren bidean ez omen dago harmonia baina ezer hoberik...

Sokari heldu eta korapilo estu-estu bat egin gehiegi korapilatu ez dadin

Orijinaltasunaz...

Aurreko posteko erantzun batek nakar gai honen inguruan idaztera. Beti pentsatu izan dut orijinala izatea gehiegi baloratzen den zerbait dela... ez dakit nola azaldu, ez dela garrantzitsua. Nortasun kontua dela iruditzen zait. Nortasunak markatu behar duela janzkera, pentsamoldea, idazteko gaia edo elkarrizketa... Puri-purian dagoen gai batez hitz egiteak ez orijinal izatera bagaramatza, ba primeran! Ez dut orijinala izateko inongo asmorik.

Inguratzen nauenak eragiten dit, eta eragiten dudanaz pentsatzen dut, pentsatzen dudanarekin sentitu eta sentitzen dudanaz adierazi... eta inguratzen nauenak baldintzatzen nauenez ez naiz sekula orijinala izango. Ez dut sekula axola ez zaidan gai batez hitz egingo, beno, agian igogailuan bai... baina horretan ere ez naiz orijinala izango (eguraldia...) eta berdin zait.

Inguratzen nauenak kezkatzen ez nauen egunean izango naiz orijinala ziurrenik, baina egun horretan, egun horretan bertan hilik egongo naiz.

2009-11-13

Aldaketa garaia

Badira zenbait aste gai bat burutik kendu ezinik nabilela, eta hala jarraitzea espero dut. Dena, LABen Donostiako egoitzako atxiloketen ondorio. Bagenekien denok aldaketa bazetorrela, denok geunden zerbaiten esperoan, ilusioz. Eta denok beldurtzen gintuena gertatu zen, zetorrenaren beldurrez, aldaketa ekar zezaketenen aurka egitea erabaki zuen Espainiak, ilusioa itzaliko zigutelakoan.

Eta ez zuten lortu ez, alderantziz. Ilusio horri indarrez heltzea azkartu zuten. Herri baten erantzun izugarria ikusi zuten 3 egunen buruan. 3 egun nahikoa izan ziren bakoitzak bere arrazoiekin Donostiako kaleak hartzeko. Eta ilusio hori gehiago piztea lortu genuen, egun historikoa izango da niretzat eta beste askorentzat ziur.

Eta ilusio horren garra ez da ez erraz itzaliko, aldaketa garaia da eta ezin da ekidin, herria ilusioak hartu du, ilusioak indarra eman digu eta horrek kontzientzia ekarri digu. Aldaketaren kontzientzia.

Bakoitzak nahi duen neurrian, nahi duen arloan, kulturan, politikan, hezkuntzan, hizkuntzan, etxean, kalean, auzoan, herrian, hirian, tabernan, elkartean edo komunean; bakoitzak nahi duen neurrian kontzientzia hartu eta aldaketari indarra ematea ekarriko du honek. Hau ez dago gelditzerik, eta arlo guztiek dute garrantzia, helburua, herri indarra. Bidea... aldaketa.

Eta etiketa gaur, Giz-artea, eta ez Politikaz... zergatik? asmatu...

2009-10-23

Behobiaren beroketetan

Nabari da Behobia-Donostia lasterketa berehala izango dela. Berdin dio zein ordutan ateratzen zaren kalera, bat baina gehiago ikusiko duzu korrika, eta gehienak fuerte samar gainera.

Beti gustatu izan zait Behobiak sortzen duen giroa, ez da beste lasterketak bezalakoa, zerbait gehiago da, jende asko mugitzen du; askok urte osoan egiten duten lasterketa bakarra da, apustu askoren mamia, urte batzuetan betetzeko helburua... eta ikusle askorentzat urteroko zita.

Baina aurreko egunek ere badute zer aipatua... lasterketan bertan gauza kurioso asko ikusten badira ere (mozorroak, haurtxoen aulkiekin korrika dabiltzanak...)egun hauetan gauza arraro dexente ikusten ari naiz. Bakoitzak lasterketa prestatzeko bere modua du, guztiz errespetagarria baina... askotan barregarria.

Atzo bertan gizon bat ikusi nuen 55 urte inguruko, galarretatik miramonerako aldapan gora, bizkor zijoan, baina haren erropari begira soilik geratu ahal izan nuen. Kiroletako zapatilak zeramatzan (ongi, ongi!), galtza motz zabal batzuk belaunaren gainetik (ongi...), bisera bat zeraman buruan, baina plumifero batekin ari zen korrika, lodi-lodi horietako batekin... kuriosoa. Galtza motzak + plumiferoa...

Kontraste gehiegi... akaso Behobian erabiliko duen mozorrorako ohitzen ariko zen... ikusiko da!

Dultzemeneoa

Aspaldi entzun gabe nuen hitza... eta ze hitz polita! Ez zaizue iruditzen?

Eta zer da zehazki zuretzat dultzemeneoa? Sueltoan dantza egitea? Gertuxeago dantzatzea? Trikitixa hotsekin dantzatzea? "Agarrauan" dantzatzea? Dantza baina zerbait gehiago? Dantza horizontala?

Ze hitz polita... Ez dadila galdu!

2009-09-27

Emakumea elizan

Eta bai... elizan sexua praktikatzeak izan behar duen morboa alde batera utziaz eta elizaren betiko "sota-caballo-rey"-ak alde batera utziz... zergatik ez dute sexua naturaltzat jotzen? gozatzeko gauza on bat bezala? plazer bezala?

Aste honetan pare bat berri izan ditugu; alde batetik, hurrengo eguneko pilula farmazian eta errezetarik gabe salduko dutela... nire ustez, akats larria. Mediku batek errezetatu eta zure historia klinikoaren arabera gomendatu beharko lizuke, ez inondik inora ezagutzen ez zaituen farmazialari batek, eta gutxiago dituen ondorioekin... kontuz neskak paliza on bat emango baitio zuen gorputzei... ez ahaztu gu garela gure gorputzen jabe, eta kondoirik ez badu nahi, joan dadila eskuarekin jolastera!

Eta bestetik abortuaren lege berria.... guztiz beharrezkoa, erregulazioa. Prostituzioarekin bezala, baina ez dute ikusi nahi. Ez dute ikusi nahi erregulazioak bukatuko duela mafiekin eta eskubi faltarekin...

Ala bai... ikusten dute... baina eliza dirua da.... eta ez, dirurik jasotzen ez badute ez zaie gustatzen. Elizarentzat emakumea gizonaren menpe dago...eta ez, barkatu baina ez, gu ez gaude inoren menpe. Berdinak garenean, eliza desagertuko da. Eta bitartean, gutxienez, doazela infernura apaiza pederastak...

2009-09-17

Sekreturik handienak kuleroak zirenean...

Beti gustatu izan zait lentzeria eta kuleroeen mundua. Miresgarria iruditzen zait. Horren mundu zabala da eta horren ezezaguna batzuetan...

Batzuetan diot gaur egun askori ikusten diegulako tanga, edo kuleroak, edo daramatena baina ikusten ez denean hasten da misterioa. Joko bat proposatuko dizuet, bihar ikusten dituzuen 10 emakumeren kuleroak imajinatu... ziur nago 5 baina gehiago ez zenituzketela asmatuko...

Hau mundua, hasi tanga txikienetik, hiru soketatik eta bukatu titietaraino iristen diren "amonen kuleroetan"... miloika forma, kolore, tela, marrazki... mundu bat. Mundu liluragarria.

Eta beste joko bat, neskok, joan zuen kuleroen kajoira eta kontatu zenbat motakoak dituzuen, asko behin erabilitakoak, edo behin ere ez... beste batzuk gasta-gasta eginda dagoeneko...eta mutilak joan gertukoen duzuen emakumearen kuleroen kajoira (baimenik baduzue sekretu horietan murgiltzeko...)... mundu bat kajoiean.

Eta hori ez ditugula media, ligero, konbinazio, bularretakoak... aipatu...

Utzi hegan zuen imajinazioa eta kontatu zein kulero nahiago duzuen...

2009-08-30

ez geratu agerikoan



Ez geratu agerikoan. CORRUCTO horrek badu berea... baina EGIN KLIK ARGAZKIAN. hobea da atzeko idatzia.

Agerikoen atzean begiratzen ikasi behar da.

2009-07-21

Gaur egungo gazteak...

Gaur egungo gazteekin edozer gauza...

Zenbat aldiz entzungo ote genuen esaldi hau. Eta zenbatetan entzungo dugun...

Eta arrazoia badute ere, mundua asko aldatu dela, gaur egungo gazteok beste bizitza bat daramagula, askatasun gehiago ditugula... eta nahi duten guztia.

Baina ez, azken bortxaketen errudun ez dira gaur egungo gazteak. Ez dira gazte izatera ere iristen kasu batzuetan.

Kezka, lotsa eta beldurra sortzen dit honek guztiak. Kezka ez delako behin bakarrik gertatu eta gehiagotan gerta daitekeelako. Lotsa, beraien guraso eta ingurukoengatik. Beldurra, hori delako dagoena.

Beti kalean lasai, bakarrik ibiltzeko arazorik gabe ibili naizelako eta gaur egun gauez bakarrik ez naizelako seguru sentitzen. Mundua erotzen ari da. Ez ote gaitu gu ere erotuko...

2009-07-01

Ez naiz monarkia zalea....

Eta mundua geratu egin dela dirudi. Han eta hemen malkoak. Han eta hemen omenaldiak, bideoak, hitz onak...

Pop-aren erregea hil omen da. Eta hitz onak besterik ez dira entzuten. Mundu guztiak idolatratu behar duela dirudi.

Ba ez, ez naiz errege zalea. Ezta idolo zalea ere. Eta ez, ez zaizkit eredu izan nahi duten horiek gustatzen. Ezta idolatratzen dituztenak ere.

Eta gutxiago horrelako batena. Barkatu ezin dut horrelako "pertsona" batena esan.

2009-06-23

Zerrenda beltzean....

Kritikak ez ditugu entzun behar gauzak esaten ditugunean bakarrik, isilik geratzen garenean ere gauzak leporatzen dizkigute. Gai baten inguruan idazteagatik eta beste batzuen aurrean isilik geratzeagatik kritikak entzun ditut...

Eta zer pentsatua ematen du... Gai guztiei buruz idatzi beharko banu ez nuke blog bat edukiko, entziklopedia bat sortu beharko nuke. Iritzien entziklopedia. Edo blogopedia. Auskalo. Baina ez, gai zehatz bati buruz idazten ez baduzu etiketa jartzen dizute. Nahi duten etiketa.

Irabazita edo ez. Hitz egiten ez baduzu honetaz eta bai horretaz, akabo, zureak egin du. Zerrenda beltzera zoaz berriro ere.

Entziklopedia handia beharko dute zerrenda osoa osatzeko.

2009-06-18

Donostia.org

Eguneraketa: erantzuna jasoa, arazoa konponbidean...
Orain arte ez dut kexarik izan Donostia.org webgunearen euskararen kalitateaz baina azken asteetan nahiko itzulpen harrigarriak agertzen ari dira eta atzo kexa/iradokizun bat bidaltzea erabaki nuen orriak horretarako duen ataletik. Zergatik? Hau bezalako esaldi xelebreengatik "Donostiaren irudia nahi izan dezu?" eta beste zenbait perla...

Hara nire sorpresa gaur emaila ireki eta erantzuna ikustean:


++++++ al da erantzun on bat? Barkatu baina ez. Errespetu falta bat da. Gutxienez, kexan aipatzen nituen esaldiak erdi zuzendu dituzte, antza ez dira oraindik konturatu DEZU ez dela egokia, DUZU baizik. Tristea da, nabaritu egiten da zati batzuk batek egin dituela eta besteak ez. Berriro kexatuko naiz jasotako erantzunaz, ea zer dioten...

2009-06-17

Ongi etorri...

Ongi etorri oroitzapen on eta txarrei. Ongi etorri iraganeko poz eta tristurei. Ongi etorri guztiz itxi gabeko zauriei. Ongi etorri irribarre handi bati. Ongi etorri zuei.

Iraganeko oroitzapenetan murgiltzen gara berri on edo txar bat jasotzean. Ona gaurkoan. Eta mila oroitzapen buruan. Mila irribarre. Mila malko. Zorion malkoak.

Benetako irribarre bat. Benetako malkoak.

Ongi etorri besarkada luze batekin.

2009-05-15

Izenik ez....

Ez diot izenik topatzen sentimendu bati. Amorrua, beldurra, haserrea, tristura... ez, horiek ez dira nahikoa. Azken aldian behin eta berriz entzuten ditut sexu erasoen inguruko berriak...

Eta sexu erasoak beraien horretan nahikoa ez balira, azken aldian irakurtzen ditudan honen inguruko sententziak... negargarriak dira....

Alaba urtetan bortxatu duzula? 6 urte besterik ez kartzelan...
Sexu erasoengatik lehenago behin baina gehiagotan kondenatua izan zarela eta berriro harrapatu zaitugula? Urtebete...
Sexu eraso bat egin duzula baina ez zinela bortxatzera iritsi? 3 hilabete...

Hori da justizia. Hori da. Ez besterik. Biktimei eta ingurukoei bizitza izorratzen diete eta hala ere... kalean berehala.

Eta ez naiz hari bizi osoko kartzela zigorraren alde, ez horixe, inondik inora. Baina izan daitezela benetan zigorrak eta ez opor ordaindu batzuk hurrengo erasoa pentsatzen joateko...

Izan daitezela zigor efektiboak eta berriro erasorik egingo ez duten pertsonak atera daitezela kalera... ez dezagun berriro entzun bortxatzaile bat aske uzten dutenean, agintarien ahoetatik "badakigu berriro erasotzeko arrisku handia dagoela baina ezin dugu ezer egin..."

Hitzik ez sentipen honentzat.

2009-05-05

Zoratzen ari naizela hasi naizela...

Aspaldi idatzi gabe... eta ez gai faltagatik, gai gehiegi daudelako baizik ziurrenik... aukeratu beharrak atzeratzen zuen egunero sarrera berri bat egitea... baina aukeratu beharrean hobe aukeratu gabe utzi...

Idatz genezake gripeari buruz, edo beste mila gaixotasunez, edo batzuen emazteen ipurdiez, edo beste baten senarraren bekainez, edo gobernu aldaketaz, edo gobernurik ezaz, edo txerriak hiltzeaz, edo esnearen prezioaz, edo italiar batzuen dibortzio katolikoaz?

Edo idatz genezake... idatz genezake munduaren izenean...

..................dirauts psikoanalistak.....................