eta aldatzeko ordua...
www.nahiaetaezina.com orrirantz noa...
Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...
2010-05-13
Begiradak
Izugarria da begiraden indarra. Eta handiagoa begirada iheskorrena. Ez naiz inoiz izan begietara begirada luzeak egin zalea, begirada horiek biluztu egiten dituztelako sentimenduak. Baina begirada batzuk ezin dira ekidin.
Eta zenbateko indarra duten. Indar unibertsala da, innatoa, barru-barrutik datorrena eta kontrola ezina. Gaur 6 urteko ume baten begiradarekin gurutzatu dira nire begiak eta zoragarria izan da. Ilusioa, poza, indarra, maitasuna bidali dizkit izugarrizko goxotasunarekin eta baita beldurra ere. Baina zoragarriagoa izan da berak jaso duena. "Nahia, ondo pasatzen ari zera baina beldurtuta zaude. Zer gertatzen zaizu? Nahi dezu besarkada bat?"
6 urte eta zenbat bizipen. Izugarria. Betirako geratuko den momentua. Bat-batean 11 umeko talde osoa nuen besarkada handi-handi bat ematen. Zoragarria. Zenbat energia eman didaten, indarra, poztasuna... erabateko bakea.
Eta poliki-poliki begiratzen ikasten ari naiz, beldurrak utzi eta arima askatzea. Eta zeinen begi politak aurkitzen diren bidean. Nahikoa da segundo erdiko begirada bat milioika gauza adierazteko; begi horien arima ikusteko.
Begi politez gozatzeko. Arima askatzeko. Begirada eta besarkada handi handi bat.
2010-05-12
Arazo handi bat daukat.
Arazo handi bat daukat. Arazo handi bat "bi muxu"-en ohiturarekin. Inoiz ez naiz izan muxuak derrigorrez, protokoloz edo nahi duzuen bezala deitu ematearen zalea, ez muxu ez besarkada ez ezer. Ez zaizkit gustatzen derrigorkeriak.
Eta bi muxuekin arazo handia daukat. Ez dakit bi muxu ematen. Bai, eta pentsatuko duzue oso erraza da ba! Bi muxu eta kitto. Ba ez da hain erraza! Niretzat ez behintzat.
Txikitan ezkutatu egiten nintzen muxu bat eman behar nuenean, ez nuen ezta osabaren pagaren truke ematen eta pagarik gabe geratzen nintzen. Gero, muxuak ematen hasi nintzen, baina ez bi muxu, beno bai, bi muxu ere bai, baina 3.arekin.
Arazoa da ez dakidala bi muxu ematen.
1-Ez dakit zein aldetan ematen den lehena eta horrek tupust batzuk sortzen ditu, egoera deserosoak...
2- Ez dakit muxuak eman behar diren ere. Askok masaila jarri besterik ez dute egiten, beste batzuek muxua aurpegitik 2 zentimetrora ematen dute, eta beste batzuk masaia babaz betetzerainoko muxuak ematen dizkizute. Nik ez dakit zer egin behar den eta horrek deseroso sentiarazten nau.
3- Absurdoa iruditzen zait. Ez diot zentzurik hartzen ezagutzen ez duzun norbaiti bi muxu oparitzeko. Ez diot zentzurik hartzen gogoko ez duzun pertsona bati bi muxu oparitzeko. Ez diot zentzurik hartzen "ematen direlako" arrazoiari.
Muxuak opari oso bereziak dira, maitasunez beteak, goxoak eta gertukoak. Ez dizkiot merezi ez dituenari oparitu nahi.
Arazo handi bat daukat. Arazo handi bat "bi muxu"-en ohiturarekin.
2010-05-10
Iritsi da!
Azken asteetako polemika guztiaren gainetik, eraso eta gezurren gainetik iritsi da Hernanin Atez Atekoarekin hasteko eguna. Orain denon txanda da! Denok ikasi beharko dugu; sistema berrira ohitu eta gure hondakinen inguruko kontzientzia hartzeko momentua da. Eta denon artean egingo dugu bidea, poliki-poliki, baina urrats sendoak emanez.
Gogoz hartuko dugu Atez Atekoa batzuek, eta beste batzuek beraien haserrea baretzearekin ikusiko dute ez dela batere zaila, ohitura kontua dela. Ziur ongi egingo dugula eta etorkizun hobea eraikiko dugula. Animo! Eta Ongi Etorri Atez Atekoari.
http://www.kronika.net/index.php?&Sec=04&Cod=309&Act=11
2010-04-11
Komunika zaitez!
Bart elkarrizketa interesgarri dexente izan nituen. Mozkorrak daudenak besteak direnean izaten den perspektibarekin gainera. Baina gehien gustatu zitzaidana sexuaren ingurukoa izan zen. Tristea da oraindik zeinen atzeraturik dagoen gizartea entzutea.
Sexuaz hitz egin genuen, sexuaz orokorrean, aurrekariez eta ondorengoetaz (ez zaizkit kontzeptu hauek gustatzen, garrantzia guztia izan beharko ez lukeen ekintzari ematen diotelako), posturez, maiztasunaz...
Eta konturatu nintzen gauzak ez direla nik uste nuen beste aldatu. Ni baina pare bat urte zaharragoekin hitz egiten egon nintzen (25 urte ingurukoekin) eta ze desilusioa! Bizitza sexual pobrea daramate nire ustez, eta zergatik azaldu nienean harrituta begiratzen zidaten, zertaz hitz egiten ari nintzen jakingo ez balute bezala eta hara! esan zuten esan behar ez zutena... HORRELAKO NESKARIK EZ DAGO...
Noski, beti da neskaren errua (harreman heterosexualez ari naiz) ez bada maizago egiten... Eta bigarren komentarioa NESKEI PRELIMINARRAK ASKO GUSTATZEN ZAIZKIZUE... hara! eta nik ezagutu ditudan mutil guztiei ere bai, eta baita ondorengoak! Eta hor hasi zen eztabaida multiorgasmoaz, mutila orgasmora iritsi ondoren dauden aukerak... kabernikola batzuekin hitz egiten nuela iruditu zitzaidan une batzuetan...
Ez, sexua ez da bukatzen mutila korritzen den unean... Eta bai, ondoren aukera asko daude, nahi beste, eta baita aurretik eta bitartean ere... Probatzea da kontua! Ziur nago askok ez dakizuela multiorgasmikoak zaretenik probatu ez duzuelako... ESKE NIK GERO LO HARTZEN DET! ba hartu kafea! edo aldatu ordua! Eta hara! Mundu berri bat... sexua ez da gaueko gauza, ez da lo hartu aurreko kontua, eta ez da astean behineko kontua!
ESKE NERE NESKAK EZ DU GEHIAGOTAN NAHI IZATEN! Eta galdetu diozu zergatik? Akaso ez zaio gustatzen egiten duzuena... Eta hara... beste mundu berri bat... sexuaz hitz egin daiteke... Eta nire ondorioa entzutean (sexua komunikazioa da, gorputzena baina baita ahozkoa ere, nahi duzuna eskatzean askoz hobea da), mila galdera... eta erantzuna: zuen neskei galdetu!
2010-03-08
Elebitasunaz, sareaz…
Altxor bat dugula uste dut, ez, ez dut uste; badakit. Altxor handi bat dugu: euskara. Eta altxor honek bidea zabaltzen digu beste altxor batzuen jabe ere izatera; elebidunak gara gutxienez. Eta elebitasuna ez da erronka kaxkarra.
Elebidunak garen arren, askok hizkuntza bat hobesten dugu, hizkuntza bat darabilgu ahal dugun egoera guztietan baina zoritxarrez, bestea ere erabili behar dugu. Hala ere, ez gaude prest euskara hiltzen ikusteko eta esparru guztietara zabaldu nahi dugu, dugun altxorra betirako izan dadin nahi dugu… euskaraz bizi nahi dugu.
Eta internet erronka bat gehiago da. Bat gehiago. Egunean zehar izaten ditugun erronka guztiei gehitu zaien bat gehiago besterik ez. Eta beste erronkekin bezala jokatu behar dugula iruditzen zait. Lehen hitza euskaraz. Eta ahal bada bigarrena eta hurrengoak ere euskaraz. Eta horretan saiatzen naiz ni, nire esparruan, nire neurrian, nire altxorrarekin…
Eta badakit ez dela erraza, eta are gutxiago erakunde publikoentzat… Lan neketsua da dena bi hizkuntzetan jartzea, testuak itzultzea… Eta askotan ezinezkoa. Eta ez dut ezinezkorik eskatu nahi, gauza posibleetan sinisten dudalako. Baina benetan iruditzen zait sare sozial batean dagoen erakunde batek, gutxienez, artikulu guztiak itzultzerik ez badu, edo beste nonbaitetik egindako ekarpenak badira, gutxi-gutxienez, izenburuak itzultzeko esfortzua egin beharko lukeela. Edo bi perfil izan, bata euskaraz eta bestea gazteleraz zenbait erakundek dituzten bezala, edo sarrerak bikoiztuak bidali (bata euskaraz eta bestea gazteleraz/frantsesez…)… baina benetan iruditzen zait aukerak egon badirela.
Eta agian askori ez zaizue garrantzitsua irudituko, garrantzitsua edukia dela esango duzue, baina niretzat, altxorrak mantentze aldera, kodeak ere garrantzia handia du.
2010-02-07
Txokolatea eta erosketak
Aspaldi ez nuen gaur bezalako arratsalderik izaten. Egun luzea gaurkoa, eta ez-ohiko indar batek eraman nau erosketak egitera, arropa erostera. Aspaldi ez zitzaidan gertatu baina bai, gertatzen da, indar berezi batek garamatza erosketa konpultsiboak egitera.
Bai konpultsiboak. Ez zaizkit merkealdi garaian dendak gustatzen, eta are gutxiago arropa dendak, tenperatura aldaketak, argiak eta musika jasangaitza gustatzen eta gutxiago, egun euritsu batean eta Urbilen; ez zaizkit merkatal-zentruak gustatzen.
Baina bat-batean han aurkitu dut nire burua. Denda batean sartu eta beste edozein egunetan erosten ausartuko ez nintzatekeen arropa erosi dut: gona motza, galtza estuak, bota deigarri-modernoak, barruko erropa sexia eta media ez beltz batzuk. Eta inongo konplexurik gabe. Zalantzarik gabe.
Eta etxera etorri eta arropa berri guztia jarri (niki zahar beltz polit batekin, ez izan gaizki pentsatuak! Berria izan ez arren badut kamiseta soinean) sofan eseri eta txokolatezko izozki tarrina eta kutxara handia hartu eta jan eta jan aritu naiz, beldurrik gabe. Litro erdi edo neramanean utzi dut.
Eta une horretantxe sentitu naiz lasai. Lasai eta ongi.
Nahi duenak esan dezala ez dela indar hori existitzen, inpultsiboak garela edo nahi duena. Baina ni ez naiz horrelakoa, baina gaur, benetan indar batek agindu dit.
2010-02-06
Eta neguan gaude...
Badira aste batzuk, aspaldiko partez, nahiko mugituak izaten ari direnak. Lana eta burua okupatuta edukitzeko nahikoa aitzakia. Eta orain datozenek ere itxura hori dute. Gauza asko egiteko, gauza berri asko, eta beldur eta min berberak...
Kuriosoa da nahiz eta gauza batzuk aldatu gauza txarrek berdinean -edo okerragoan- irauten duten. Zein ondo geundekeen gure "tarak" konponduko balira, zeinen bizitza desberdina eramango genukeen... akaso bizitza "normal" bat...
Eta egunen batean konponduko dira, hala akaso ez... Eta gure helburuak bete ahal izango ditugu. Gertuko mendietan gora, beldurrik gabe ibili... udaberriko eguzkiaz eta loreez gozatu...
Eta neguan gaude... oraindik...
Luzerako?
2010-02-05
Furgonetan bidaiatzeaz....
Beste kasualitate batengatik irratian bidaien inguruko kronika bat egitea egokitu zait, eta azken bidaia luzeaz hitz egingo dut: Galizia furgonetan.
Eta bidaiaz beraz baino furgonetan bidaiatzeaz hitz egin nahiko nuke... eta nondik hasi... Batzuetan filosofia bat da, besteentzat erosotasun eta askatasuna... eta niretzat esperientzia.
Furgonetan bidaiatu behar duzunean prestatzeak izugarrizko garrantzia du, lekua mugatua da eta furgoneta izango da zure etxea bidaiak irauten duen egun guztietan, denak sartu behar du eta tokia geratu behar da erosotasunerako... Eta hori esperientziak ematen dizu, gutxinaka ikasten da zer behar den eta zer ez, eta neurria hartzen duzunean zoragarria da.
Nahi duzun tokian egin dezakezu lo (beno, salbuespen eta isunak alde batera utzita) eta nahi duzun tokian esnatu.
Eta azken bidaiak izugarrizko iluntze eta egunsenti politak eman zizkigun. Hilabetez Galizia ezagutu nahi genuen eta asko-asko geratu zitzaigun, leku izugarri politak topatu eta egun asko horietan igaro genituelako. Baina inondik inora ez genuen egunik alperrik galdu...
Furgonetan, kartetan edo partxisean jolasten zauden uneak ere bereziak direlako.
2010-02-04
Mamuak, damuak eta amuak
Ez dut inoiz sinistu zortean baina hasi naiz pentsatzen benetan zorte on eta txarreko boladak egon badaudela.
Kasualitatez lortu nuen izugarri betetzen nauen lan bat eta hasi bezain pronto, beste kasualitate baten ondorioz pila bat betetzen nauen beste lan bat topatu nuen... eta gainera biak bateragarriak..... Ondoren Italiarako bidaia bat tokatu zitzaidan, eta hurrena motxila bat eta beste gauza txiki batzuk...
Kontua da honek guztiak zer pentsatua eman didala, eta zortean sinisten hasi naizela. Ez, ez dut zortea ematen duen lepokorik edo erosiko baina noiz arte irauten didan zorte onak bai begiratuko dudala...
Eta zorteak, edo zoriak eraman nau egun berean espero ez dituzun bi elkarrizketa horietako izatera; iraganera itzultzera bi elkarrizketa guztiz independienteren ondorioz, eta ez hori bakarrik, bi elkarrizketek garai berera eramatea. Benetan bitxia. Garai berdineko gauza desberdinak etorri zaizkit gogora... Eta zenbat gauza!
Zortea izango zen, eta ona izan dela pentsatu nahi dut. Zorte oneko garaia bukatzerik ez dudalako nahi behintzat, zorte txarrekoa oso oso luzea izan da eta ez litzateke justua izango...
Kontua da, oroitzapen horiek ondorio batetara eraman nautela: ez dugu oroituko duguna aukeratzen eta auskalo hemendik 5 urtera zer gogoratuko dugun baina normalean, denborarekin gauza onak gehiago gogoratzen dira... behintzat gaur, irribarre handi batekin noa ohera... amaitu dira iraganeko mamuak, damuak eta galdutako amuak...
Ezin dugu gogoratuko duguna aukeratu baina nola gogoratu aukeratu dezakegu. Bizitakoaz ikastea, ikasitakoa bizitzea aukera dezakegu.
Zorte on!
en
00:40
30
ekarpen
2010-01-24
Sexuak beldurra ematen duen munduan
Beno, ez dakit izenburua egokiena ote den... akaso, "sexuaz hitz egiteak beldurra ematen duen munduan" beharko luke baina ez... zoritxarrez, oraindik sexuari beldurra diogu. Diogu diot gizarte osoaren izenean.
Eta bai, sexuari beldurra diogu, eta gehiago esango nuke, belaunaldi guztiek orokorrean 11 bat urteetatik aurrera... Eta bai, garaiak asko aldatu dira eta gaurko 80 urteko amona batek gaztetan eta 11 urteko haur batek gaur duen informazioa ez da berdina, askatasun gehiago dago, sexu-heziketa... baina beldurrak hor jarraitzen du. Zergatik? Ba ni ez naiz sexologoa, ezta soziologoa ere baina gauza bat esaten ausartuko nintzateke: ez dugulako naturaltasunez bizi.
Eta zergatik? Akaso denek beldurra dugulako, sexua hitz handia da gure ahoetan eta tabu bihurtzen dugu maiz, batzuek gehiago besteek gutxiago... Eta beldurrik gabeko belaunaldi bat lortzen ez dugun artean ez dugu beldurra galduko.
Baina alde batetik pozik nago. Pozik, lehengo batean izandako elkarrizketa batengatik. Sexuaz hitz egin genuen lagun batzuekin, 2 neska eta 2 mutil geunden. Eta halako batean mutil batek esan zidan "pila bat harritzen nau zu hain lasai hitz egiten ikusteaz" eta zuri geratu nintzen, ez nuen ulertzen zergatik... eta hau esan zuen ondoren "pila bat harritzen naiz, baina ez beldurtu, asko gustatzen naiz neska bat sexuaz naturaltasunez hitz egiten ikusteaz, zerbait aldatzen ari den seinale".
Eta nik ez dakit aldatzen ari den edo ez, nik sexuaz hitz egitea oso gogoko dut eta ahal dudanean egiten dut. Eta espero dut egunen batean autobusean, harategian, etxean edo eskolan entzuten den gai bat izatea... krisiari ez diogu ziur horrenbesteko beldurrik...
2009-12-08
EITB eta Euskara
Ez nator EITBren politikaz hitz egitera, ez azken aldaketez, kaleratzeez... Ez, gaurkoan.
Gaur haserre nator, guztiz haserre. Atzo Mikel Laboaren inguruko programa bat ETB1en emango zutela ikusi nuen nonbait eta ikustea erabaki nuen, kuriositate guztiarekin, zoritxarrez, nire gaztetasunagatik edo horrelako artisten historiaren inguruan gutxi dakidalako eta bere jatorriak eta historia ezagutu nahi nituelako... Eta jarri nuen ETB1 eta hasiera hasieratik haserretu nintzen.
Guztiz haserre ikusi nuen saio osoa. ETB1 zen, euskarazko katea izan behar zuena, hori uste nuen atzo arte behintzat. Zer eta Mikel Laboaren inguruko programan gaztelerazko interbentzio pila eta hauek denak azpititulurik gabe, eta ez hori bakarrik, katalanezkoak ere azpititulurik gabe, eta ez banago oso oker, alemanez edo beste hizkuntza batean zen zati batean azpitituluak bai, baina gazteleraz.
Ole, ole y ole!
Ez dute gehiago merezi.
2009-11-17
Korapilatzen
Eta konturatzen naiz azken aldian ez dudala batere zaindu bloga... Ez bere osotasunean ez ataletan ere... Eta ez dudala hitz egin lehen buruan maiz izaten nituen gaiez... Osasunaz, osakidetzaz, terapia alternatiboez (medikuntza tradizionala izenak beraiek beharko lukete izan, baina hori beste baterako), energiez, ilargiaz...
Ezta gripeAz ere... eta hobe, ze esaten hastekotan asko dago esateko. Eta bihar beste soka bati helduko diot, beno heldu edo, soka horrek nonbaitera ote naraman ikusiko dut, beno ez, nik badakit, sendagileek ikusiko dute... eta sokak nahikoa tiratzen badu horren atzetik joango dira, eta entzun egingo didate azkenean... eta bestela, ea beste soka erdi ustelen bat topatzen duten...
Baina energia ona dut barruan orain, harmonia. Eta osasunaren bidean ez omen dago harmonia baina ezer hoberik...
Sokari heldu eta korapilo estu-estu bat egin gehiegi korapilatu ez dadin
Orijinaltasunaz...
Aurreko posteko erantzun batek nakar gai honen inguruan idaztera. Beti pentsatu izan dut orijinala izatea gehiegi baloratzen den zerbait dela... ez dakit nola azaldu, ez dela garrantzitsua. Nortasun kontua dela iruditzen zait. Nortasunak markatu behar duela janzkera, pentsamoldea, idazteko gaia edo elkarrizketa... Puri-purian dagoen gai batez hitz egiteak ez orijinal izatera bagaramatza, ba primeran! Ez dut orijinala izateko inongo asmorik.
Inguratzen nauenak eragiten dit, eta eragiten dudanaz pentsatzen dut, pentsatzen dudanarekin sentitu eta sentitzen dudanaz adierazi... eta inguratzen nauenak baldintzatzen nauenez ez naiz sekula orijinala izango. Ez dut sekula axola ez zaidan gai batez hitz egingo, beno, agian igogailuan bai... baina horretan ere ez naiz orijinala izango (eguraldia...) eta berdin zait.
Inguratzen nauenak kezkatzen ez nauen egunean izango naiz orijinala ziurrenik, baina egun horretan, egun horretan bertan hilik egongo naiz.
2009-11-13
Aldaketa garaia
Badira zenbait aste gai bat burutik kendu ezinik nabilela, eta hala jarraitzea espero dut. Dena, LABen Donostiako egoitzako atxiloketen ondorio. Bagenekien denok aldaketa bazetorrela, denok geunden zerbaiten esperoan, ilusioz. Eta denok beldurtzen gintuena gertatu zen, zetorrenaren beldurrez, aldaketa ekar zezaketenen aurka egitea erabaki zuen Espainiak, ilusioa itzaliko zigutelakoan.
Eta ez zuten lortu ez, alderantziz. Ilusio horri indarrez heltzea azkartu zuten. Herri baten erantzun izugarria ikusi zuten 3 egunen buruan. 3 egun nahikoa izan ziren bakoitzak bere arrazoiekin Donostiako kaleak hartzeko. Eta ilusio hori gehiago piztea lortu genuen, egun historikoa izango da niretzat eta beste askorentzat ziur.
Eta ilusio horren garra ez da ez erraz itzaliko, aldaketa garaia da eta ezin da ekidin, herria ilusioak hartu du, ilusioak indarra eman digu eta horrek kontzientzia ekarri digu. Aldaketaren kontzientzia.
Bakoitzak nahi duen neurrian, nahi duen arloan, kulturan, politikan, hezkuntzan, hizkuntzan, etxean, kalean, auzoan, herrian, hirian, tabernan, elkartean edo komunean; bakoitzak nahi duen neurrian kontzientzia hartu eta aldaketari indarra ematea ekarriko du honek. Hau ez dago gelditzerik, eta arlo guztiek dute garrantzia, helburua, herri indarra. Bidea... aldaketa.
Eta etiketa gaur, Giz-artea, eta ez Politikaz... zergatik? asmatu...
2009-10-23
Behobiaren beroketetan
Nabari da Behobia-Donostia lasterketa berehala izango dela. Berdin dio zein ordutan ateratzen zaren kalera, bat baina gehiago ikusiko duzu korrika, eta gehienak fuerte samar gainera.
Beti gustatu izan zait Behobiak sortzen duen giroa, ez da beste lasterketak bezalakoa, zerbait gehiago da, jende asko mugitzen du; askok urte osoan egiten duten lasterketa bakarra da, apustu askoren mamia, urte batzuetan betetzeko helburua... eta ikusle askorentzat urteroko zita.
Baina aurreko egunek ere badute zer aipatua... lasterketan bertan gauza kurioso asko ikusten badira ere (mozorroak, haurtxoen aulkiekin korrika dabiltzanak...)egun hauetan gauza arraro dexente ikusten ari naiz. Bakoitzak lasterketa prestatzeko bere modua du, guztiz errespetagarria baina... askotan barregarria.
Atzo bertan gizon bat ikusi nuen 55 urte inguruko, galarretatik miramonerako aldapan gora, bizkor zijoan, baina haren erropari begira soilik geratu ahal izan nuen. Kiroletako zapatilak zeramatzan (ongi, ongi!), galtza motz zabal batzuk belaunaren gainetik (ongi...), bisera bat zeraman buruan, baina plumifero batekin ari zen korrika, lodi-lodi horietako batekin... kuriosoa. Galtza motzak + plumiferoa...
Kontraste gehiegi... akaso Behobian erabiliko duen mozorrorako ohitzen ariko zen... ikusiko da!
Dultzemeneoa
Aspaldi entzun gabe nuen hitza... eta ze hitz polita! Ez zaizue iruditzen?
Eta zer da zehazki zuretzat dultzemeneoa? Sueltoan dantza egitea? Gertuxeago dantzatzea? Trikitixa hotsekin dantzatzea? "Agarrauan" dantzatzea? Dantza baina zerbait gehiago? Dantza horizontala?
Ze hitz polita... Ez dadila galdu!
2009-09-27
Emakumea elizan
Eta bai... elizan sexua praktikatzeak izan behar duen morboa alde batera utziaz eta elizaren betiko "sota-caballo-rey"-ak alde batera utziz... zergatik ez dute sexua naturaltzat jotzen? gozatzeko gauza on bat bezala? plazer bezala?
Aste honetan pare bat berri izan ditugu; alde batetik, hurrengo eguneko pilula farmazian eta errezetarik gabe salduko dutela... nire ustez, akats larria. Mediku batek errezetatu eta zure historia klinikoaren arabera gomendatu beharko lizuke, ez inondik inora ezagutzen ez zaituen farmazialari batek, eta gutxiago dituen ondorioekin... kontuz neskak paliza on bat emango baitio zuen gorputzei... ez ahaztu gu garela gure gorputzen jabe, eta kondoirik ez badu nahi, joan dadila eskuarekin jolastera!
Eta bestetik abortuaren lege berria.... guztiz beharrezkoa, erregulazioa. Prostituzioarekin bezala, baina ez dute ikusi nahi. Ez dute ikusi nahi erregulazioak bukatuko duela mafiekin eta eskubi faltarekin...
Ala bai... ikusten dute... baina eliza dirua da.... eta ez, dirurik jasotzen ez badute ez zaie gustatzen. Elizarentzat emakumea gizonaren menpe dago...eta ez, barkatu baina ez, gu ez gaude inoren menpe. Berdinak garenean, eliza desagertuko da. Eta bitartean, gutxienez, doazela infernura apaiza pederastak...
2009-09-17
Sekreturik handienak kuleroak zirenean...
Beti gustatu izan zait lentzeria eta kuleroeen mundua. Miresgarria iruditzen zait. Horren mundu zabala da eta horren ezezaguna batzuetan...
Batzuetan diot gaur egun askori ikusten diegulako tanga, edo kuleroak, edo daramatena baina ikusten ez denean hasten da misterioa. Joko bat proposatuko dizuet, bihar ikusten dituzuen 10 emakumeren kuleroak imajinatu... ziur nago 5 baina gehiago ez zenituzketela asmatuko...
Hau mundua, hasi tanga txikienetik, hiru soketatik eta bukatu titietaraino iristen diren "amonen kuleroetan"... miloika forma, kolore, tela, marrazki... mundu bat. Mundu liluragarria.
Eta beste joko bat, neskok, joan zuen kuleroen kajoira eta kontatu zenbat motakoak dituzuen, asko behin erabilitakoak, edo behin ere ez... beste batzuk gasta-gasta eginda dagoeneko...eta mutilak joan gertukoen duzuen emakumearen kuleroen kajoira (baimenik baduzue sekretu horietan murgiltzeko...)... mundu bat kajoiean.
Eta hori ez ditugula media, ligero, konbinazio, bularretakoak... aipatu...
Utzi hegan zuen imajinazioa eta kontatu zein kulero nahiago duzuen...
