Nahia eta ezinA

Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2010-05-14

aldatzen

eta aldatzeko ordua...


www.nahiaetaezina.com orrirantz noa...

2010-05-13

Begiradak

Izugarria da begiraden indarra. Eta handiagoa begirada iheskorrena. Ez naiz inoiz izan begietara begirada luzeak egin zalea, begirada horiek biluztu egiten dituztelako sentimenduak. Baina begirada batzuk ezin dira ekidin.

Eta zenbateko indarra duten. Indar unibertsala da, innatoa, barru-barrutik datorrena eta kontrola ezina. Gaur 6 urteko ume baten begiradarekin gurutzatu dira nire begiak eta zoragarria izan da. Ilusioa, poza, indarra, maitasuna bidali dizkit izugarrizko goxotasunarekin eta baita beldurra ere. Baina zoragarriagoa izan da berak jaso duena. "Nahia, ondo pasatzen ari zera baina beldurtuta zaude. Zer gertatzen zaizu? Nahi dezu besarkada bat?"

6 urte eta zenbat bizipen. Izugarria. Betirako geratuko den momentua. Bat-batean 11 umeko talde osoa nuen besarkada handi-handi bat ematen. Zoragarria. Zenbat energia eman didaten, indarra, poztasuna... erabateko bakea.

Eta poliki-poliki begiratzen ikasten ari naiz, beldurrak utzi eta arima askatzea. Eta zeinen begi politak aurkitzen diren bidean. Nahikoa da segundo erdiko begirada bat milioika gauza adierazteko; begi horien arima ikusteko.

Begi politez gozatzeko. Arima askatzeko. Begirada eta besarkada handi handi bat.

2010-05-12

Arazo handi bat daukat.

Arazo handi bat daukat. Arazo handi bat "bi muxu"-en ohiturarekin. Inoiz ez naiz izan muxuak derrigorrez, protokoloz edo nahi duzuen bezala deitu ematearen zalea, ez muxu ez besarkada ez ezer. Ez zaizkit gustatzen derrigorkeriak.

Eta bi muxuekin arazo handia daukat. Ez dakit bi muxu ematen. Bai, eta pentsatuko duzue oso erraza da ba! Bi muxu eta kitto. Ba ez da hain erraza! Niretzat ez behintzat.

Txikitan ezkutatu egiten nintzen muxu bat eman behar nuenean, ez nuen ezta osabaren pagaren truke ematen eta pagarik gabe geratzen nintzen. Gero, muxuak ematen hasi nintzen, baina ez bi muxu, beno bai, bi muxu ere bai, baina 3.arekin.

Arazoa da ez dakidala bi muxu ematen.

1-Ez dakit zein aldetan ematen den lehena eta horrek tupust batzuk sortzen ditu, egoera deserosoak...

2- Ez dakit muxuak eman behar diren ere. Askok masaila jarri besterik ez dute egiten, beste batzuek muxua aurpegitik 2 zentimetrora ematen dute, eta beste batzuk masaia babaz betetzerainoko muxuak ematen dizkizute. Nik ez dakit zer egin behar den eta horrek deseroso sentiarazten nau.

3- Absurdoa iruditzen zait. Ez diot zentzurik hartzen ezagutzen ez duzun norbaiti bi muxu oparitzeko. Ez diot zentzurik hartzen gogoko ez duzun pertsona bati bi muxu oparitzeko. Ez diot zentzurik hartzen "ematen direlako" arrazoiari.

Muxuak opari oso bereziak dira, maitasunez beteak, goxoak eta gertukoak. Ez dizkiot merezi ez dituenari oparitu nahi.

Arazo handi bat daukat. Arazo handi bat "bi muxu"-en ohiturarekin.

2010-05-10

Iritsi da!

Azken asteetako polemika guztiaren gainetik, eraso eta gezurren gainetik iritsi da Hernanin Atez Atekoarekin hasteko eguna. Orain denon txanda da! Denok ikasi beharko dugu; sistema berrira ohitu eta gure hondakinen inguruko kontzientzia har­tzeko momentua da. Eta denon artean egingo dugu bidea, poliki-poliki, baina urrats sendoak emanez.

Gogoz hartuko dugu Atez Atekoa batzuek, eta beste ba­tzuek beraien haserrea baretzearekin ikusiko dute ez dela batere zaila, ohitura kontua dela. Ziur ongi egingo dugula eta etorkizun hobea eraikiko dugula. Animo! Eta Ongi Etorri Atez Atekoari.

http://www.kronika.net/index.php?&Sec=04&Cod=309&Act=11

2010-04-11

Komunika zaitez!

Bart elkarrizketa interesgarri dexente izan nituen. Mozkorrak daudenak besteak direnean izaten den perspektibarekin gainera. Baina gehien gustatu zitzaidana sexuaren ingurukoa izan zen. Tristea da oraindik zeinen atzeraturik dagoen gizartea entzutea.

Sexuaz hitz egin genuen, sexuaz orokorrean, aurrekariez eta ondorengoetaz (ez zaizkit kontzeptu hauek gustatzen, garrantzia guztia izan beharko ez lukeen ekintzari ematen diotelako), posturez, maiztasunaz...

Eta konturatu nintzen gauzak ez direla nik uste nuen beste aldatu. Ni baina pare bat urte zaharragoekin hitz egiten egon nintzen (25 urte ingurukoekin) eta ze desilusioa! Bizitza sexual pobrea daramate nire ustez, eta zergatik azaldu nienean harrituta begiratzen zidaten, zertaz hitz egiten ari nintzen jakingo ez balute bezala eta hara! esan zuten esan behar ez zutena... HORRELAKO NESKARIK EZ DAGO...

Noski, beti da neskaren errua (harreman heterosexualez ari naiz) ez bada maizago egiten... Eta bigarren komentarioa NESKEI PRELIMINARRAK ASKO GUSTATZEN ZAIZKIZUE... hara! eta nik ezagutu ditudan mutil guztiei ere bai, eta baita ondorengoak! Eta hor hasi zen eztabaida multiorgasmoaz, mutila orgasmora iritsi ondoren dauden aukerak... kabernikola batzuekin hitz egiten nuela iruditu zitzaidan une batzuetan...

Ez, sexua ez da bukatzen mutila korritzen den unean... Eta bai, ondoren aukera asko daude, nahi beste, eta baita aurretik eta bitartean ere... Probatzea da kontua! Ziur nago askok ez dakizuela multiorgasmikoak zaretenik probatu ez duzuelako... ESKE NIK GERO LO HARTZEN DET! ba hartu kafea! edo aldatu ordua! Eta hara! Mundu berri bat... sexua ez da gaueko gauza, ez da lo hartu aurreko kontua, eta ez da astean behineko kontua!

ESKE NERE NESKAK EZ DU GEHIAGOTAN NAHI IZATEN! Eta galdetu diozu zergatik? Akaso ez zaio gustatzen egiten duzuena... Eta hara... beste mundu berri bat... sexuaz hitz egin daiteke... Eta nire ondorioa entzutean (sexua komunikazioa da, gorputzena baina baita ahozkoa ere, nahi duzuna eskatzean askoz hobea da), mila galdera... eta erantzuna: zuen neskei galdetu!

2010-03-08

Elebitasunaz, sareaz…

Altxor bat dugula uste dut, ez, ez dut uste; badakit. Altxor handi bat dugu: euskara. Eta altxor honek bidea zabaltzen digu beste altxor batzuen jabe ere izatera; elebidunak gara gutxienez. Eta elebitasuna ez da erronka kaxkarra.

Elebidunak garen arren, askok hizkuntza bat hobesten dugu, hizkuntza bat darabilgu ahal dugun egoera guztietan baina zoritxarrez, bestea ere erabili behar dugu. Hala ere, ez gaude prest euskara hiltzen ikusteko eta esparru guztietara zabaldu nahi dugu, dugun altxorra betirako izan dadin nahi dugu… euskaraz bizi nahi dugu.

Eta internet erronka bat gehiago da. Bat gehiago. Egunean zehar izaten ditugun erronka guztiei gehitu zaien bat gehiago besterik ez. Eta beste erronkekin bezala jokatu behar dugula iruditzen zait. Lehen hitza euskaraz. Eta ahal bada bigarrena eta hurrengoak ere euskaraz. Eta horretan saiatzen naiz ni, nire esparruan, nire neurrian, nire altxorrarekin…

Eta badakit ez dela erraza, eta are gutxiago erakunde publikoentzat… Lan neketsua da dena bi hizkuntzetan jartzea, testuak itzultzea… Eta askotan ezinezkoa. Eta ez dut ezinezkorik eskatu nahi, gauza posibleetan sinisten dudalako. Baina benetan iruditzen zait sare sozial batean dagoen erakunde batek, gutxienez, artikulu guztiak itzultzerik ez badu, edo beste nonbaitetik egindako ekarpenak badira, gutxi-gutxienez, izenburuak itzultzeko esfortzua egin beharko lukeela. Edo bi perfil izan, bata euskaraz eta bestea gazteleraz zenbait erakundek dituzten bezala, edo sarrerak bikoiztuak bidali (bata euskaraz eta bestea gazteleraz/frantsesez…)… baina benetan iruditzen zait aukerak egon badirela.

Eta agian askori ez zaizue garrantzitsua irudituko, garrantzitsua edukia dela esango duzue, baina niretzat, altxorrak mantentze aldera, kodeak ere garrantzia handia du.

2010-02-07

Txokolatea eta erosketak

Aspaldi ez nuen gaur bezalako arratsalderik izaten. Egun luzea gaurkoa, eta ez-ohiko indar batek eraman nau erosketak egitera, arropa erostera. Aspaldi ez zitzaidan gertatu baina bai, gertatzen da, indar berezi batek garamatza erosketa konpultsiboak egitera.

Bai konpultsiboak. Ez zaizkit merkealdi garaian dendak gustatzen, eta are gutxiago arropa dendak, tenperatura aldaketak, argiak eta musika jasangaitza gustatzen eta gutxiago, egun euritsu batean eta Urbilen; ez zaizkit merkatal-zentruak gustatzen.

Baina bat-batean han aurkitu dut nire burua. Denda batean sartu eta beste edozein egunetan erosten ausartuko ez nintzatekeen arropa erosi dut: gona motza, galtza estuak, bota deigarri-modernoak, barruko erropa sexia eta media ez beltz batzuk. Eta inongo konplexurik gabe. Zalantzarik gabe.

Eta etxera etorri eta arropa berri guztia jarri (niki zahar beltz polit batekin, ez izan gaizki pentsatuak! Berria izan ez arren badut kamiseta soinean) sofan eseri eta txokolatezko izozki tarrina eta kutxara handia hartu eta jan eta jan aritu naiz, beldurrik gabe. Litro erdi edo neramanean utzi dut.

Eta une horretantxe sentitu naiz lasai. Lasai eta ongi.

Nahi duenak esan dezala ez dela indar hori existitzen, inpultsiboak garela edo nahi duena. Baina ni ez naiz horrelakoa, baina gaur, benetan indar batek agindu dit.

2010-02-06

Eta neguan gaude...

Badira aste batzuk, aspaldiko partez, nahiko mugituak izaten ari direnak. Lana eta burua okupatuta edukitzeko nahikoa aitzakia. Eta orain datozenek ere itxura hori dute. Gauza asko egiteko, gauza berri asko, eta beldur eta min berberak...

Kuriosoa da nahiz eta gauza batzuk aldatu gauza txarrek berdinean -edo okerragoan- irauten duten. Zein ondo geundekeen gure "tarak" konponduko balira, zeinen bizitza desberdina eramango genukeen... akaso bizitza "normal" bat...

Eta egunen batean konponduko dira, hala akaso ez... Eta gure helburuak bete ahal izango ditugu. Gertuko mendietan gora, beldurrik gabe ibili... udaberriko eguzkiaz eta loreez gozatu...

Eta neguan gaude... oraindik...

Luzerako?

2010-02-05

Furgonetan bidaiatzeaz....

Beste kasualitate batengatik irratian bidaien inguruko kronika bat egitea egokitu zait, eta azken bidaia luzeaz hitz egingo dut: Galizia furgonetan.

Eta bidaiaz beraz baino furgonetan bidaiatzeaz hitz egin nahiko nuke... eta nondik hasi... Batzuetan filosofia bat da, besteentzat erosotasun eta askatasuna... eta niretzat esperientzia.

Furgonetan bidaiatu behar duzunean prestatzeak izugarrizko garrantzia du, lekua mugatua da eta furgoneta izango da zure etxea bidaiak irauten duen egun guztietan, denak sartu behar du eta tokia geratu behar da erosotasunerako... Eta hori esperientziak ematen dizu, gutxinaka ikasten da zer behar den eta zer ez, eta neurria hartzen duzunean zoragarria da.

Nahi duzun tokian egin dezakezu lo (beno, salbuespen eta isunak alde batera utzita) eta nahi duzun tokian esnatu.

Eta azken bidaiak izugarrizko iluntze eta egunsenti politak eman zizkigun. Hilabetez Galizia ezagutu nahi genuen eta asko-asko geratu zitzaigun, leku izugarri politak topatu eta egun asko horietan igaro genituelako. Baina inondik inora ez genuen egunik alperrik galdu...

Furgonetan, kartetan edo partxisean jolasten zauden uneak ere bereziak direlako.

2010-02-04

Mamuak, damuak eta amuak

Ez dut inoiz sinistu zortean baina hasi naiz pentsatzen benetan zorte on eta txarreko boladak egon badaudela.

Kasualitatez lortu nuen izugarri betetzen nauen lan bat eta hasi bezain pronto, beste kasualitate baten ondorioz pila bat betetzen nauen beste lan bat topatu nuen... eta gainera biak bateragarriak..... Ondoren Italiarako bidaia bat tokatu zitzaidan, eta hurrena motxila bat eta beste gauza txiki batzuk...

Kontua da honek guztiak zer pentsatua eman didala, eta zortean sinisten hasi naizela. Ez, ez dut zortea ematen duen lepokorik edo erosiko baina noiz arte irauten didan zorte onak bai begiratuko dudala...

Eta zorteak, edo zoriak eraman nau egun berean espero ez dituzun bi elkarrizketa horietako izatera; iraganera itzultzera bi elkarrizketa guztiz independienteren ondorioz, eta ez hori bakarrik, bi elkarrizketek garai berera eramatea. Benetan bitxia. Garai berdineko gauza desberdinak etorri zaizkit gogora... Eta zenbat gauza!

Zortea izango zen, eta ona izan dela pentsatu nahi dut. Zorte oneko garaia bukatzerik ez dudalako nahi behintzat, zorte txarrekoa oso oso luzea izan da eta ez litzateke justua izango...

Kontua da, oroitzapen horiek ondorio batetara eraman nautela: ez dugu oroituko duguna aukeratzen eta auskalo hemendik 5 urtera zer gogoratuko dugun baina normalean, denborarekin gauza onak gehiago gogoratzen dira... behintzat gaur, irribarre handi batekin noa ohera... amaitu dira iraganeko mamuak, damuak eta galdutako amuak...

Ezin dugu gogoratuko duguna aukeratu baina nola gogoratu aukeratu dezakegu. Bizitakoaz ikastea, ikasitakoa bizitzea aukera dezakegu.

Zorte on!

2010-01-24

Sexuak beldurra ematen duen munduan

Beno, ez dakit izenburua egokiena ote den... akaso, "sexuaz hitz egiteak beldurra ematen duen munduan" beharko luke baina ez... zoritxarrez, oraindik sexuari beldurra diogu. Diogu diot gizarte osoaren izenean.

Eta bai, sexuari beldurra diogu, eta gehiago esango nuke, belaunaldi guztiek orokorrean 11 bat urteetatik aurrera... Eta bai, garaiak asko aldatu dira eta gaurko 80 urteko amona batek gaztetan eta 11 urteko haur batek gaur duen informazioa ez da berdina, askatasun gehiago dago, sexu-heziketa... baina beldurrak hor jarraitzen du. Zergatik? Ba ni ez naiz sexologoa, ezta soziologoa ere baina gauza bat esaten ausartuko nintzateke: ez dugulako naturaltasunez bizi.

Eta zergatik? Akaso denek beldurra dugulako, sexua hitz handia da gure ahoetan eta tabu bihurtzen dugu maiz, batzuek gehiago besteek gutxiago... Eta beldurrik gabeko belaunaldi bat lortzen ez dugun artean ez dugu beldurra galduko.

Baina alde batetik pozik nago. Pozik, lehengo batean izandako elkarrizketa batengatik. Sexuaz hitz egin genuen lagun batzuekin, 2 neska eta 2 mutil geunden. Eta halako batean mutil batek esan zidan "pila bat harritzen nau zu hain lasai hitz egiten ikusteaz" eta zuri geratu nintzen, ez nuen ulertzen zergatik... eta hau esan zuen ondoren "pila bat harritzen naiz, baina ez beldurtu, asko gustatzen naiz neska bat sexuaz naturaltasunez hitz egiten ikusteaz, zerbait aldatzen ari den seinale".

Eta nik ez dakit aldatzen ari den edo ez, nik sexuaz hitz egitea oso gogoko dut eta ahal dudanean egiten dut. Eta espero dut egunen batean autobusean, harategian, etxean edo eskolan entzuten den gai bat izatea... krisiari ez diogu ziur horrenbesteko beldurrik...

2009-12-08

EITB eta Euskara

Ez nator EITBren politikaz hitz egitera, ez azken aldaketez, kaleratzeez... Ez, gaurkoan.

Gaur haserre nator, guztiz haserre. Atzo Mikel Laboaren inguruko programa bat ETB1en emango zutela ikusi nuen nonbait eta ikustea erabaki nuen, kuriositate guztiarekin, zoritxarrez, nire gaztetasunagatik edo horrelako artisten historiaren inguruan gutxi dakidalako eta bere jatorriak eta historia ezagutu nahi nituelako... Eta jarri nuen ETB1 eta hasiera hasieratik haserretu nintzen.

Guztiz haserre ikusi nuen saio osoa. ETB1 zen, euskarazko katea izan behar zuena, hori uste nuen atzo arte behintzat. Zer eta Mikel Laboaren inguruko programan gaztelerazko interbentzio pila eta hauek denak azpititulurik gabe, eta ez hori bakarrik, katalanezkoak ere azpititulurik gabe, eta ez banago oso oker, alemanez edo beste hizkuntza batean zen zati batean azpitituluak bai, baina gazteleraz.

Ole, ole y ole!

Ez dute gehiago merezi.

2009-11-17

Korapilatzen

Eta konturatzen naiz azken aldian ez dudala batere zaindu bloga... Ez bere osotasunean ez ataletan ere... Eta ez dudala hitz egin lehen buruan maiz izaten nituen gaiez... Osasunaz, osakidetzaz, terapia alternatiboez (medikuntza tradizionala izenak beraiek beharko lukete izan, baina hori beste baterako), energiez, ilargiaz...

Ezta gripeAz ere... eta hobe, ze esaten hastekotan asko dago esateko. Eta bihar beste soka bati helduko diot, beno heldu edo, soka horrek nonbaitera ote naraman ikusiko dut, beno ez, nik badakit, sendagileek ikusiko dute... eta sokak nahikoa tiratzen badu horren atzetik joango dira, eta entzun egingo didate azkenean... eta bestela, ea beste soka erdi ustelen bat topatzen duten...

Baina energia ona dut barruan orain, harmonia. Eta osasunaren bidean ez omen dago harmonia baina ezer hoberik...

Sokari heldu eta korapilo estu-estu bat egin gehiegi korapilatu ez dadin

Orijinaltasunaz...

Aurreko posteko erantzun batek nakar gai honen inguruan idaztera. Beti pentsatu izan dut orijinala izatea gehiegi baloratzen den zerbait dela... ez dakit nola azaldu, ez dela garrantzitsua. Nortasun kontua dela iruditzen zait. Nortasunak markatu behar duela janzkera, pentsamoldea, idazteko gaia edo elkarrizketa... Puri-purian dagoen gai batez hitz egiteak ez orijinal izatera bagaramatza, ba primeran! Ez dut orijinala izateko inongo asmorik.

Inguratzen nauenak eragiten dit, eta eragiten dudanaz pentsatzen dut, pentsatzen dudanarekin sentitu eta sentitzen dudanaz adierazi... eta inguratzen nauenak baldintzatzen nauenez ez naiz sekula orijinala izango. Ez dut sekula axola ez zaidan gai batez hitz egingo, beno, agian igogailuan bai... baina horretan ere ez naiz orijinala izango (eguraldia...) eta berdin zait.

Inguratzen nauenak kezkatzen ez nauen egunean izango naiz orijinala ziurrenik, baina egun horretan, egun horretan bertan hilik egongo naiz.

2009-11-13

Aldaketa garaia

Badira zenbait aste gai bat burutik kendu ezinik nabilela, eta hala jarraitzea espero dut. Dena, LABen Donostiako egoitzako atxiloketen ondorio. Bagenekien denok aldaketa bazetorrela, denok geunden zerbaiten esperoan, ilusioz. Eta denok beldurtzen gintuena gertatu zen, zetorrenaren beldurrez, aldaketa ekar zezaketenen aurka egitea erabaki zuen Espainiak, ilusioa itzaliko zigutelakoan.

Eta ez zuten lortu ez, alderantziz. Ilusio horri indarrez heltzea azkartu zuten. Herri baten erantzun izugarria ikusi zuten 3 egunen buruan. 3 egun nahikoa izan ziren bakoitzak bere arrazoiekin Donostiako kaleak hartzeko. Eta ilusio hori gehiago piztea lortu genuen, egun historikoa izango da niretzat eta beste askorentzat ziur.

Eta ilusio horren garra ez da ez erraz itzaliko, aldaketa garaia da eta ezin da ekidin, herria ilusioak hartu du, ilusioak indarra eman digu eta horrek kontzientzia ekarri digu. Aldaketaren kontzientzia.

Bakoitzak nahi duen neurrian, nahi duen arloan, kulturan, politikan, hezkuntzan, hizkuntzan, etxean, kalean, auzoan, herrian, hirian, tabernan, elkartean edo komunean; bakoitzak nahi duen neurrian kontzientzia hartu eta aldaketari indarra ematea ekarriko du honek. Hau ez dago gelditzerik, eta arlo guztiek dute garrantzia, helburua, herri indarra. Bidea... aldaketa.

Eta etiketa gaur, Giz-artea, eta ez Politikaz... zergatik? asmatu...

2009-10-23

Behobiaren beroketetan

Nabari da Behobia-Donostia lasterketa berehala izango dela. Berdin dio zein ordutan ateratzen zaren kalera, bat baina gehiago ikusiko duzu korrika, eta gehienak fuerte samar gainera.

Beti gustatu izan zait Behobiak sortzen duen giroa, ez da beste lasterketak bezalakoa, zerbait gehiago da, jende asko mugitzen du; askok urte osoan egiten duten lasterketa bakarra da, apustu askoren mamia, urte batzuetan betetzeko helburua... eta ikusle askorentzat urteroko zita.

Baina aurreko egunek ere badute zer aipatua... lasterketan bertan gauza kurioso asko ikusten badira ere (mozorroak, haurtxoen aulkiekin korrika dabiltzanak...)egun hauetan gauza arraro dexente ikusten ari naiz. Bakoitzak lasterketa prestatzeko bere modua du, guztiz errespetagarria baina... askotan barregarria.

Atzo bertan gizon bat ikusi nuen 55 urte inguruko, galarretatik miramonerako aldapan gora, bizkor zijoan, baina haren erropari begira soilik geratu ahal izan nuen. Kiroletako zapatilak zeramatzan (ongi, ongi!), galtza motz zabal batzuk belaunaren gainetik (ongi...), bisera bat zeraman buruan, baina plumifero batekin ari zen korrika, lodi-lodi horietako batekin... kuriosoa. Galtza motzak + plumiferoa...

Kontraste gehiegi... akaso Behobian erabiliko duen mozorrorako ohitzen ariko zen... ikusiko da!

Dultzemeneoa

Aspaldi entzun gabe nuen hitza... eta ze hitz polita! Ez zaizue iruditzen?

Eta zer da zehazki zuretzat dultzemeneoa? Sueltoan dantza egitea? Gertuxeago dantzatzea? Trikitixa hotsekin dantzatzea? "Agarrauan" dantzatzea? Dantza baina zerbait gehiago? Dantza horizontala?

Ze hitz polita... Ez dadila galdu!

2009-09-27

Emakumea elizan

Eta bai... elizan sexua praktikatzeak izan behar duen morboa alde batera utziaz eta elizaren betiko "sota-caballo-rey"-ak alde batera utziz... zergatik ez dute sexua naturaltzat jotzen? gozatzeko gauza on bat bezala? plazer bezala?

Aste honetan pare bat berri izan ditugu; alde batetik, hurrengo eguneko pilula farmazian eta errezetarik gabe salduko dutela... nire ustez, akats larria. Mediku batek errezetatu eta zure historia klinikoaren arabera gomendatu beharko lizuke, ez inondik inora ezagutzen ez zaituen farmazialari batek, eta gutxiago dituen ondorioekin... kontuz neskak paliza on bat emango baitio zuen gorputzei... ez ahaztu gu garela gure gorputzen jabe, eta kondoirik ez badu nahi, joan dadila eskuarekin jolastera!

Eta bestetik abortuaren lege berria.... guztiz beharrezkoa, erregulazioa. Prostituzioarekin bezala, baina ez dute ikusi nahi. Ez dute ikusi nahi erregulazioak bukatuko duela mafiekin eta eskubi faltarekin...

Ala bai... ikusten dute... baina eliza dirua da.... eta ez, dirurik jasotzen ez badute ez zaie gustatzen. Elizarentzat emakumea gizonaren menpe dago...eta ez, barkatu baina ez, gu ez gaude inoren menpe. Berdinak garenean, eliza desagertuko da. Eta bitartean, gutxienez, doazela infernura apaiza pederastak...

2009-09-17

Sekreturik handienak kuleroak zirenean...

Beti gustatu izan zait lentzeria eta kuleroeen mundua. Miresgarria iruditzen zait. Horren mundu zabala da eta horren ezezaguna batzuetan...

Batzuetan diot gaur egun askori ikusten diegulako tanga, edo kuleroak, edo daramatena baina ikusten ez denean hasten da misterioa. Joko bat proposatuko dizuet, bihar ikusten dituzuen 10 emakumeren kuleroak imajinatu... ziur nago 5 baina gehiago ez zenituzketela asmatuko...

Hau mundua, hasi tanga txikienetik, hiru soketatik eta bukatu titietaraino iristen diren "amonen kuleroetan"... miloika forma, kolore, tela, marrazki... mundu bat. Mundu liluragarria.

Eta beste joko bat, neskok, joan zuen kuleroen kajoira eta kontatu zenbat motakoak dituzuen, asko behin erabilitakoak, edo behin ere ez... beste batzuk gasta-gasta eginda dagoeneko...eta mutilak joan gertukoen duzuen emakumearen kuleroen kajoira (baimenik baduzue sekretu horietan murgiltzeko...)... mundu bat kajoiean.

Eta hori ez ditugula media, ligero, konbinazio, bularretakoak... aipatu...

Utzi hegan zuen imajinazioa eta kontatu zein kulero nahiago duzuen...

2009-08-30

ez geratu agerikoan



Ez geratu agerikoan. CORRUCTO horrek badu berea... baina EGIN KLIK ARGAZKIAN. hobea da atzeko idatzia.

Agerikoen atzean begiratzen ikasi behar da.

2009-07-21

Gaur egungo gazteak...

Gaur egungo gazteekin edozer gauza...

Zenbat aldiz entzungo ote genuen esaldi hau. Eta zenbatetan entzungo dugun...

Eta arrazoia badute ere, mundua asko aldatu dela, gaur egungo gazteok beste bizitza bat daramagula, askatasun gehiago ditugula... eta nahi duten guztia.

Baina ez, azken bortxaketen errudun ez dira gaur egungo gazteak. Ez dira gazte izatera ere iristen kasu batzuetan.

Kezka, lotsa eta beldurra sortzen dit honek guztiak. Kezka ez delako behin bakarrik gertatu eta gehiagotan gerta daitekeelako. Lotsa, beraien guraso eta ingurukoengatik. Beldurra, hori delako dagoena.

Beti kalean lasai, bakarrik ibiltzeko arazorik gabe ibili naizelako eta gaur egun gauez bakarrik ez naizelako seguru sentitzen. Mundua erotzen ari da. Ez ote gaitu gu ere erotuko...

2009-07-01

Ez naiz monarkia zalea....

Eta mundua geratu egin dela dirudi. Han eta hemen malkoak. Han eta hemen omenaldiak, bideoak, hitz onak...

Pop-aren erregea hil omen da. Eta hitz onak besterik ez dira entzuten. Mundu guztiak idolatratu behar duela dirudi.

Ba ez, ez naiz errege zalea. Ezta idolo zalea ere. Eta ez, ez zaizkit eredu izan nahi duten horiek gustatzen. Ezta idolatratzen dituztenak ere.

Eta gutxiago horrelako batena. Barkatu ezin dut horrelako "pertsona" batena esan.

2009-06-23

Zerrenda beltzean....

Kritikak ez ditugu entzun behar gauzak esaten ditugunean bakarrik, isilik geratzen garenean ere gauzak leporatzen dizkigute. Gai baten inguruan idazteagatik eta beste batzuen aurrean isilik geratzeagatik kritikak entzun ditut...

Eta zer pentsatua ematen du... Gai guztiei buruz idatzi beharko banu ez nuke blog bat edukiko, entziklopedia bat sortu beharko nuke. Iritzien entziklopedia. Edo blogopedia. Auskalo. Baina ez, gai zehatz bati buruz idazten ez baduzu etiketa jartzen dizute. Nahi duten etiketa.

Irabazita edo ez. Hitz egiten ez baduzu honetaz eta bai horretaz, akabo, zureak egin du. Zerrenda beltzera zoaz berriro ere.

Entziklopedia handia beharko dute zerrenda osoa osatzeko.

2009-06-18

Donostia.org

Eguneraketa: erantzuna jasoa, arazoa konponbidean...
Orain arte ez dut kexarik izan Donostia.org webgunearen euskararen kalitateaz baina azken asteetan nahiko itzulpen harrigarriak agertzen ari dira eta atzo kexa/iradokizun bat bidaltzea erabaki nuen orriak horretarako duen ataletik. Zergatik? Hau bezalako esaldi xelebreengatik "Donostiaren irudia nahi izan dezu?" eta beste zenbait perla...

Hara nire sorpresa gaur emaila ireki eta erantzuna ikustean:


++++++ al da erantzun on bat? Barkatu baina ez. Errespetu falta bat da. Gutxienez, kexan aipatzen nituen esaldiak erdi zuzendu dituzte, antza ez dira oraindik konturatu DEZU ez dela egokia, DUZU baizik. Tristea da, nabaritu egiten da zati batzuk batek egin dituela eta besteak ez. Berriro kexatuko naiz jasotako erantzunaz, ea zer dioten...

2009-06-17

Ongi etorri...

Ongi etorri oroitzapen on eta txarrei. Ongi etorri iraganeko poz eta tristurei. Ongi etorri guztiz itxi gabeko zauriei. Ongi etorri irribarre handi bati. Ongi etorri zuei.

Iraganeko oroitzapenetan murgiltzen gara berri on edo txar bat jasotzean. Ona gaurkoan. Eta mila oroitzapen buruan. Mila irribarre. Mila malko. Zorion malkoak.

Benetako irribarre bat. Benetako malkoak.

Ongi etorri besarkada luze batekin.

2009-05-15

Izenik ez....

Ez diot izenik topatzen sentimendu bati. Amorrua, beldurra, haserrea, tristura... ez, horiek ez dira nahikoa. Azken aldian behin eta berriz entzuten ditut sexu erasoen inguruko berriak...

Eta sexu erasoak beraien horretan nahikoa ez balira, azken aldian irakurtzen ditudan honen inguruko sententziak... negargarriak dira....

Alaba urtetan bortxatu duzula? 6 urte besterik ez kartzelan...
Sexu erasoengatik lehenago behin baina gehiagotan kondenatua izan zarela eta berriro harrapatu zaitugula? Urtebete...
Sexu eraso bat egin duzula baina ez zinela bortxatzera iritsi? 3 hilabete...

Hori da justizia. Hori da. Ez besterik. Biktimei eta ingurukoei bizitza izorratzen diete eta hala ere... kalean berehala.

Eta ez naiz hari bizi osoko kartzela zigorraren alde, ez horixe, inondik inora. Baina izan daitezela benetan zigorrak eta ez opor ordaindu batzuk hurrengo erasoa pentsatzen joateko...

Izan daitezela zigor efektiboak eta berriro erasorik egingo ez duten pertsonak atera daitezela kalera... ez dezagun berriro entzun bortxatzaile bat aske uzten dutenean, agintarien ahoetatik "badakigu berriro erasotzeko arrisku handia dagoela baina ezin dugu ezer egin..."

Hitzik ez sentipen honentzat.

2009-05-05

Zoratzen ari naizela hasi naizela...

Aspaldi idatzi gabe... eta ez gai faltagatik, gai gehiegi daudelako baizik ziurrenik... aukeratu beharrak atzeratzen zuen egunero sarrera berri bat egitea... baina aukeratu beharrean hobe aukeratu gabe utzi...

Idatz genezake gripeari buruz, edo beste mila gaixotasunez, edo batzuen emazteen ipurdiez, edo beste baten senarraren bekainez, edo gobernu aldaketaz, edo gobernurik ezaz, edo txerriak hiltzeaz, edo esnearen prezioaz, edo italiar batzuen dibortzio katolikoaz?

Edo idatz genezake... idatz genezake munduaren izenean...

..................dirauts psikoanalistak.....................

2009-03-26




Animaliengandik asko ikasi behar dugulako.
Guk baina askoz gehiago sentitzen dituztelako gauza on eta txarrak.
Gaizki gaudenean alboan ditugula esnatuko garelako.

Guregatik edozer egingo dutelako.

2009-03-02

100.000 ahots baina gehiago isiltzen saiatzen denak
ezin du
herri baten izenean hitz egin, erabaki
ezin du
bere burua irabazle duintzat ikusi

ezin du
ezin dute
ez dute
herri baten gobernua osatu.

100.000 garraxi, asko dira.

2009-02-26

Mila esker!!!!!

berezixa izan da denbora hau!

2009-02-06

Atzera begira....

Noizean behin atzera begira jartzea gustatzen zait. Garunaren txoko batean gordeta zeuden oroitzapenak aztertzea... ikustea, sentitzea. Eta gaur halako zerbait egin dut... aurreko sarrera guztiei begira jarri naiz eta zenbat gauza ezkutatzen diren testu bakoitzaren atzean...

Argazkiei begiratzeak baina gauza gehiago ekartzen ditu gogora, argazkiak une onetan ateratzen ditugu eta normalean... Gauza txarrak oroitzea ere ona izaten da...

Eta zenbat aldatzen diren gauzak denbora gutxian, zenbat aldatzen ditugun...

Gogoratzen?

Ezagutu ginen egunaz? Ez dakit nongo festetaz? Udaberri, udara, udazken eta negu eroez? Andoainez? Hernaniz? Donostiaz? Gasteizez? Oiartzunez? Urnietaz? Dei galduez? SMSez? Ametsez? Besarkadez? Kilimez? Muxuez? Erromatarrez? Zubiez? Agur behartuez? Ongi etorriez? Esaldiez? Egiez? Gezurrez? Esan gabe geratutakoez? Bideez? Bidezidorrez? Opariez? Arantzez? Sexuaz? Eskailerez? Hondartzaz? Orduez? Ertzainez? Lotsaz? Erakarpenaz? Tentsioaz? "Batzuek kimika deitzen diote" testuko gauaz? Errege egunaz? Fideltasunaz? Edo fideltasun ezaz? Mangaren bila ibiltzeaz? Ilusioaz? Begiradez? bEROtasunaz? ...?

2009-02-04

Berdintasunak desberdintzen gaitu....

Desberdinak gara. Gizonak eta emakumeak desberdinak dira. Baina desberdinak izanagatik ez dugu emakumeok gutxiago izan behar... Desberdinak gara fisiologikoki, psikologikoki... baina gizarte berean bizi gara, bizi behar dugu.

Gizartea gizon eta emakumeok osatzen dugu. Eta eskubide eta betebehar berdinak izan beharko genituzke. Errespetu berdina gizonari zein emakumeari. Baina urteak, mendeak dira emakumeonganako errespetua nonbait galdu zenetik... Eta antza askok ez dute berreskuratzen laguntzeko inongo asmorik...

XXI.mendeko gizarte zoragarri honetan emakume asko erailak dira egunero. Eta torturatuak, eta gutxietsiak, eta esplotatuak.... bai, maitasunaren izenean. Maitasunaren izenean egiten omen dute. Maite dituztenei egiten diete. Hori uste dute behintzat; maitasuna hori bada hobe dugu axola zaizkigunak gorrotatzea ziurrenik hala min gutxiago emango diegu eta....

Eta badira beste batzuk, kaletik bakarrik doan emakumea bortxatzen dutenak... Eta min fisikoa baina handiagoa eragiten dute... bizi guztia iraungo duen mina, beldurra, segurtasun eza... eta ez lehen pertsonan sufritzen duenarentzat... gizarte guztiari egiten zaio mina da, edo izan beharko luke. Emakumeari eta gizonari.

Eta protestako ekintzetan emakumea da ugariena... tristea. Akaso gizonezkoek ez dute lotsa, amorrua sentitzen?

Zorionez ez nau inork halakorik lehen pertsonan bizitzera behartu, baina asko gara lehen segurtasun osoz kalean ibiltzen ginenak eta orain bakarrik ibiltzeak beldurra ematen digunak... Eta beldurrak akatzen gaitu.

2009-02-03

Topikoak tipiko bihurtzen dira topikoak tipikotzat hartzen dituen jendea dagoenean.

Topikoek itoko zaituzte topikoek ingura zaitzaten uzten duzun bitartean...

Zergatik ez zeu izan?

Hurbildu, urrundu, berotu, hoztu, irria, malkoa, burua, bihotza... zuria, beltza...

eta zergatik ez grisa izan?

2009-02-01

Makarroiak bokadilloan


Askotan ulertzen ez dugun zerbait esaten digutenean ala itxoinarazten digutenean burua bueltaka hasten da... eta imajinazioa martxan hasten da.

Baina pentsatzen jarrita....... makarroiak bokadilloan goxoak egon behar dira ba...

Eta gai horrekin bertsoa botatzera animatzen denik? Benga! Julen? Beste norbait?

2009-01-23

Ez...

Ez zait gustatzen politikarien mugimenduez hitz egitea, ez zait gustatzen hauteskundeez hitz egitea ezta berehala hauteskundeak direla pentsatzea ere. Eta ez ditugun agintariak gogoko ditudalako... ez, ez.

Ez zait gustatzen gauzak nola jartzen ari diren ikustea. Eta ez zaizkit hauteskunde kanpainak gustatzen. Denek beren indarrak erakutsi behar hori.... eta zein izango da modu hobea ahul ahultzea baino?

Lehenengo partidu bat eta gero beste bat eta beste bat eta beste bat ilegalizatu dituzte. Eta orain ere hortan ari dira. Baina ez dute horrekin nahikoa antza. Ideia batzuen adierazgarri izan nahi duten guztiak atxilotzeak ematen du eurentzako modurik seguruena. Noski, denok kartzelan bagaude errazago egingo dute nahi dutena.

Baina lekurik gabe geratuko dira... agian hobe dute Euskal Herria makrokartzela bihurtzea...

2009-01-19

...diru publikoa...

Hori izan da polemikaren zutabeetako bat.

Diru publikoz ordaidu zutela kartzela hartako stripteasea...

eta diru publikoa gora eta behera...

Eta noizean behin entzuten zen zerbait emakumearen degradazioaz eta sexu delituez edo genero indarkeriaz...

Baina zer arraio? Diru publikoa zalantzazko helburuekin erabiltzen dela denok dakigu eta hala ere askotan ezin sinistu geratzen gara. Akaso norbaitek ez du gogoratzen "sueldo vitalicio" terminoa?

Baina gaia zera da, stripteasea gizonezkoen kartzelako modulu batean. Eta bai, noski, aurka. Aurka sexu delituez eta genero indarkeriaz akusaturiko jendearen aurrean emakume bat biluzteaz. Ez zait egokia iruditzen.

Ez nago stripteasen aurka baldin eta askatasun osoz egiten diren, egiten duenak nahi duelako; ez paperengatik, ez mafia bat atzean duzulako ez beste ezer. Baina ez zait lekurik egokiena iruditzen.

Eta are gutxiago diru publikoz ordaintzea.....

2008-12-30

100

eta ehun.....

ehun sarrera......

ehun istorio......

ea urtearekin akaso ziklo hau ere amaitu beharko....

besteak baina hobea izan dadila.....

2008-12-24

Olentzero eta ikatza.....

Lehengoan Eroski handi batean....

- Ama!!! Zergatik ari da jendea opariak erosten olentzerok ekarri behar baditu asteazkenena?

Ama pentsakor....

- Ba ume batzuei ikatza ekarriko dielako gaiztoak izan direlako eta gurasoek ez dute nahi umeak triste jartzea eta orduan beraiek erosten dizkiete badazpada.

Ume pentsakor..... Amari begira eta urteari errepasoa ematen edo.....

- Ama!!!!!!!!! Ba guazen badazpada neretzako opariak erostera!!

2008-12-16

edo.....


edo artaldean txertatzen den otsoa izan....

2008-12-05

Ardiak bezala bata bestearen atzetik ibili......



ala ardi beltza izan......

2008-12-01

Nahiz eta heriotza
helduko zaidala jakin
ez dut
haatik
horren aurka
buru-bihotzez borrokatzetik etsiko.
ez nau
ustekabean harrapatuko!
bizi naizeno bizitza kantatuko dut.
eta behar dudan
denbora baino lehen
hiltzen banaute
nere hortzetan itzaliko den azken antzia
beste batenetan
loratuko den
lehen irria
izango da.

bizi filosofia......

2008-11-29

Olentzero maitea:

Aurten oso txintxoa izan naiz, aurreko urte guztietan baina askoz ere txintxoagoa eta orduan nik uste opari pila bat izango dituzula neretzako prest zure zaku handi horretan eta aurten ikatza ez zenuela zakuan sartuko. Sartu badezu, mesedez atera ezazu badakizu eta aurten oso oso txintxoa izan naizela.

Opari pila merezi ditudan arren ez det zerrenda luze luze bat prestatu aurten zuk ekartzeko ez dudalako oraindik erabaki zer eskatu... baditut nahikoa baloi, panpin eta kulero eta galtzerdi (zergatik oparitzen dizkidazu beti kuleroak amaren partez?. Ez dakit ongi irudituko zaizun baina aurten urtebete bat bakarrik eskatuko dizut, nik uste horrela hurrengo urtean zer eskatu erabakita edukiko dudala.

Hala ere, etxe edo kotxe bat oparitzeko asmoa bazenuen lasai ekarri giltzak e, ez naiz eta batere esker txarrekoa.

Muxu bat bidaltzen dizut.

Nahia

Ah! eta aurten ez dizut txokolaterik ez turroirik ez goxokirik utziko etxeko zapatilen ondoan, nahikoa tripa handia daukazu eta zaindu egin behar dezu oraindik urte pila batetan opariak ekartzen jarraitzeko.

2008-11-20

20-N

Gaur azaroaren 20a da. Franco hil zen eguna. Baina ez frankismoa hil zen eguna zoritxarrez.

Aurten lehen aldiz ezin izango dute, legez behintzat, Valle de los Caídos-en ospatu omenaldia edo dena delakoa. Legez diot. Memoria historikoaren legeak ez baitie uzten ospakizun horiek izaten.

Baina eurek ez dute deialdia atzera bota, eta joan egingo dira. Eta ospatzen saiatuko dira. Eta ez gaur bakarrik. Astebururako ere deitu dituzte beste zenbait gauza.

Eta galdera da......

ospatzen utziko diete? kolpeka hartu eta disolbatuko dituzte? pilotakadaka hasiko dira?

ikusiko dugu...

ea debekuak denontzat berdinak diren.

2008-11-16

Eitb.com eta euskara

Ez, ez naiz hasiko euskaraz eta gazteleraz dauden albisteak ez direla berdinak, bata eguneratzean bestea ahazten dutela esaten... horietaz asko hitz egin da...

Detaile bati erreparatzea nahi dut..... sartu www.eitb.com/albisteak orrian eta begiratu edozein berri. Zerbait arraroa ikusten?

Begiratu pixka bat gehiago.....

Aurkitu duzu?

Begiratu berriro.....

Ikusi duzu nola ematen duten data?

Begiratu, begiratu..

Bai bai.....11/2008/14 formatua erabiltzen dute hilabetea/urtea/eguna...

2008-11-14

Futbolarien hitzaz

Txalogarria!

Oraingoan futbolariek eman digute lezioa. Gai izan dira euren iritzia (eta beste askorena) argi esaten eta atzera pausorik emateko prest ez daudela adierazten.

Txalogarria!

Ikusiko dugu orain zer gertatzen den. Tentsioa nabari da pnv-n.

Ni un paso atras........ni para coger carrerilla!

2008-11-12

Tik-tak


Eta denbora aurrera doa.... eta hilabeteak, asteak, egunak, orduak, minutuak, segunduak pasatzen dira...

eta aprobetxatzen al ditugu?

eta egoten al gara maite ditugunekin? eta egiten al dugu parre nahikoa? egiten al dugu negar maite ditugunekin? eta gozatzen al ditugu jatorduak? gauak? egunak? ametsak?

zeinek daki azken segundoa zein izango ote den....

ez galdu segundorik!

hartu iparrorratza eta bilatu galdutakoak!

2008-11-08

gauERO, egunERO



EROtismoaz gutxi hitz egiten omen dugu euskaldunok. Gutxi praktikatzen omen da sexua hemen. Euskaraz ezin omen da sexuaz hitz egin.

Eta ez, ez gaude ados. Geroz eta blog, idatzi, elkarrizketa eta gau erotiko gehiago digu gure inguruan. Gehiago gara ausartzen garenak. Gehiago onartzen dugunak. Sexua hor dago eta gozatzekoa da, eta zergatik ez gozatzen dugunaz hitz egin.

Eta geroz eta gauza gehiagora irekitzen dugu burua eta gorputza. Eta geroz eta lotsa gutxiago dugu. Eta berdin dio besteek zer pentsatzen duten. Eta gauEROtikoak antolatzen ditugu, eta tupersexak, eta lentzeria berria, eta kremak, eta jostailuak.

Eta berdin zaigu.

Euskalduna naiz eta harro nago.

2008-11-05

egunez bero, gauetan hotz

eta egun guztiek dute euren gaua.



Hori erantzun nizun "bihar beste egun bat izango da" esan zenidanean. Barre egin zenuen, negar egin nahi zenuen. Bi muxu eta hurren arte. Hurrengorik egongo ote zen jakin gabe. Beste bi muxu emateko aukerarik izango den jakin gabe.

Eta ez zenuen atzera begiratu metro batzuk urrundu zinenean. Denok egite duguna egitea ahaztu zenuen. Edo akaso zure aurpegia ezkutatu nahi zenuen.

Ez, ez zen egun ona izan. Edo ez zen gau ona izan.

Eta hurrengo eguna ere ez zen hobea izan. Ezta hurrengoa ere, ezta haren hurrengoa ere.

Eta egun guztiek izaten zuten euren gaua. Eta gau guztiek nahi zituzten bi muxu horiek, besarkada bat, dei bat, afari bat, izozki bat.

Baina ez dut goserik.

Eta gau honetan ere ezin dut lorik egin.

2008-11-02

eskertzen jakin behar omen da.....

txikitan mila aldiz esaten digute "zer esaten da?" eta eskerrikasko lotsati eta baju baju batekin erantzuten dugu....

ba hoixe......

eskerrikasko.

eskerrikasko gauza onak eta txarrak erakutsi dizkidazuenei.

2008-10-27

Entzun nahi ez dugun zerbait esaten digutenean lehen erreakzioa ezeztatzea izaten da, aurka egitea, haserretzea defentsiban jartzea... eta gero etortzen dira asimilatzea, eta tristura eta malkoak..... eta lagunei esatea....

Eta desilusioa. Desilusioa ez direnean alboan egoteko gai, desilusioa erantzun ere egiten ez dutelako eta desilusioa orduerdi zurekin galtzeko gai ez direla ikusten duzulako. Borrokatzeko esaten dizute borrokan laguntzeko gai ez direnek.... ironikoa.

Eta akaso egin behar ez zenukeen zerbait egitera eramaten zaituzte beraiekin egon ahal izateko aukera bakartzat ikusten duzulako...

Eta mina ematen dizute... isilik, zuri eta aurka egiten hasten direnean. Eta gero datoz hitz politak... akaso berandu ez?

2008-10-21

Duela aste batzuk jakin genuen gizonezkoen fideltasuna zehazten zuen geneari buruz, ondoren esan ziguten semenaren kalitate txarrari aurre egiteko egunero eiakulatzea izan zitekeela hoberena....

eta orain honekin topatu naiz.....



eta nik diot.... zakilaren inguruan kokatu behar al da sexuari dagokion guztia?

2008-10-18

hitzik gabe geratzen garenean.

2008-09-22

EHU, GAUR eta SOFTWARE LIBREA

Aurtengoa da EHUko automatrikula internet bidez edonondik egin daiteken bigarren urtea... eta arazo berdinek diraute.

Iaz poz-pozik abiatu nintzen esandako orduan matrikula egitera Gasteizera joan beharrik ez nuelako... eta hasi nintzen, hasi nintzen bai. Beti bezela Mozilla Firefox erabili nuen, eta itxuran dena ongi zebilen. Ikasgaietara iritsi aurretik datu estatistiko batzuk bete behar dira, datu pertsonalak... eta hori guztia egin nuenean iritsi nintzen ikasgaiak hautatzeko orrira.

Hautatzen saiatzen nintzen eta ez zidan uzten, bat probatu eta gero bestea, eta bestea eta ezer ez... inzidentzien telefonora lehen deia. Berriro hasieratik hasteko esan zidaten, eta berriro aurreko pausu guztiak ondo egin ondoren arazo bera. Bigarren deia. Nire konexioak edo ordenagailu motelak izango zutela errua... ezinezkoa, laneko ordenagailu potentetik ari nintzen... eta berriro saiatzeko esan zidaten. Berriro pausu guztiak eta...... berriro arazoa. Hirugarren deia..... eta oraingoan beste batek hartu du zenbakia... lehenengo galdera: zer nabigatzailerekin ari zara? .....Internet Explorer erabili behar duzu. Nire harridura, haserrea... ulertzen ez nuela esan nion eta arazoa konponduko zutela aurten nabigatzaile guztiak erabiltzeko, lehen urtea zela....aitzakiak.

Internet Explorerrarekin berehala lortu nuen matrikulatzea.

Eta aurreko astean berriro tokatu zitzaidan matrikula egitera... eta iaz bezala hasi nintzen... eta iazko arazo berdin berdinekin topatu nintzen... eta haserre deitu nuen eta "ez da gure errua" esan zidaten... nire errua izango balitz bezala... eta Explorerra izango ez banu? Matrikulatzerik ez?

Baina kontuz... gero mila programa izango dituzte software librea bultzatzeko... baina etxekolanak egin gabe....

2008-09-11

mina plazer?




Askotan entzun diot jendeari depilazioak izugarrizko mina ematen duela, behin depilatu eta gero "kutxilara" pasatzea erabaki duen jendeaz...

Baina beti pentsatu izan dut ez duela hainbesteko minik ematen, are gehiago, plazer bat dela esango nuke. Mina ematen du batzuetan baina beti da plazerra. Garrantzitsu sentiarazten dizu, polit eta "mimatu" egiten zaituzte.

Zu iritsi, erdi biluztu eta amakan etzaten zera. Orduan begiratzen hasten zaizu emakume polit bat eta argizari beroa jartzen dizu azalean edozein kontu kontatzen hasten zaizun bitartean. Eta berehala hasten dira ziurrenik gezurra diren hitz politak: "ze ondo daukazun azala", "ui zenbat argaldu zeran..."

Eta zu bitartean etzanda, beroa, tiroia eta eskua nabaritzen gorputzean zehar.

Eta amaitu aurretik krema hotza masaje goxo batekin lagundua.

Eta erregina bezala joaten zara etxera.

Zergatik ez diozue mutil askok beldurra? Gustatuko ote zaizuen beldur ala?

2008-09-01

zuria beltz

Inolako arrazoirik gabe gauzak gaizki jartzen direnean gauza guztiak beste era batean ikusten hasten gara.

Gehien zaintzen garen uneetan gaixotzen garenean, sendatu beharrean okerrago jartzen garenean, egunetik egunera ahultzen goazela ikustean eta froga batetik bestera norantza galdurik goazenean ezin ulertuan erortzen gara.

Eta pentsatzen jartzen gara gauza guztietan buruko minak uzten digun bitartean. Eta akaso sukarrak garamatza lehenago izan ez genituen pentsamenduak izatera eta are gutxiago ulertzen dugu.

Eta hoberen geunden unean gertatzen bazaigu ikasketak, lana eta bizitza ondo doakigunean gertatzen bazaigu hondoratzen hasten gara unibertsoko zulo beltz horietako batean.

2008-08-20

fideltasunaz.....

eta norbaitek esan zidan.....

mutilek bai, arrapatzen gattuzue ta espabilau beharra daukeu, zuek ordea ain infiel onak zeate....


eta askotan entzun det azkenaldian.....

zuk, zer uste dezu?

2008-07-30

Athletinor


Aurreko batean izan genuen JJ-ren lan berriaren berri. Eta orain berriro datorkigu lehen orrialdeetara......

Athetic-ek lehenengoz eramango du propaganda erropan.......eta hara non, JJ dabilen hor tartean.....

usain txarra hartzen diot honi guztiari......

2008-07-20

Batzuek kimika deitzen diote

Batzuek kimika deitzen diote pertsona batzuen artean sortzen den erakarpen berezi horri, besteek ez diete izenik ere ematen.

Baina batzuetan topo egiten duzu erakarpen berezi bat sortzen dizuten pertsona gutxi horietako batzuekin eta sentitzen duzun oro da berezia. Bereziak dira begirada jostariak, irribarre bihurriak, musikaren eraginez egin behar diren belarrirako hitz eta esaldi zoroak, hurbilpen horietan egiten diren laztan goxoak, dantza mugimendu beroak eta jolasean emandako koxka eta masaileko muxuak.

Berezia da dena. Indar edo kimika edo elektrizitate handia sortzen da bien artean eta geroz eta handiagoa bihurtzen da segundoz segundo.

Eta energia ez da desagertzen, behintzat ala irakatsi ziguten ikastolan, eta energia hori beste zerbaitetan bihurtzen da.

Batzuetan erakarpen indarra handiegia izango zaigu eta ezingo diogu distantziari eutsi.

Beste batzuetan energia guzti horrekin alde egingo dugu etxera eta ametsen munduan erreko dugu energia bero hori.

Eta beste batzuetan indar hori guztia bat-bateko haserrealdi eta gaizki ulertutan bihurtuko da eta diskutitzen bukatuko dugu auskalo zein tontakerirengatik.

Eta hurrengo batean energia hori berriro sortuko da.

2008-07-15



10 urte Egin itxi zutenetik..... eta gauzak ez dira gehiegi aldatu. Adierazpen askatasunik gabe jarraitzen dugu oraindik....

Ez dadila beste 10 urtez luza

2008-07-04

Jaungoikoa eta lege-zaharra

Josu Jon, JJ, Petronorreko lehendakari berria izendatu dute gaur bertan. Eta ez dakit zergatik ez nau batere harritu albisteak…. Jaungoikoa eta lege-zaharra eta dirua poltsikora.

Ai……eta gainera “hay muchas formas de hacer país y, esta es, sin duda, una de ellas"” bota du…

Sentitzen det, baina barregurea sartzen zait… ezin zuen noski, politika utzi eta beraien esku duten Eroski hoietako batean arraia saltzen jarri, pertsona normala bezela.….ez, kasualitatez, petroleo mundura (hara, baina ez da petroleoa horrenbeste burukomin ematen dizkiguna eta poltsikoak hustutzen dizkiguna?) petroleo enpresa baten lehendakari izatera pasa da…..

Poltsikoa puzten jarraituko du auskalo zein mesederen truke…

Eta bitartean gu, depositoa ezin bete!

2008-07-01

Lotsa!

Lotsa.

Lotsa eta pena besterik ezin da sentitu gaur gertatutakoa ikusita. Lotsa. Benetako lotsa. Zergatik? Ezin daitekeelako ulertu nola deklaratzera joaten saiatu diren gazte batzuei ez deklaratzen uztea poliziaren eskuetatik igaro aurretik.

Lotsa. Bilatu eta atxilotzeko agindua izatea pentsatzeko modu bat izateagatik. Euren burua auzitegian aurkeztu nahi izan eta ez uztea.

Lotsa. Lotsa ematen didate. "Vergüenza ajena" deitzen den lotsa.

Nola izan daiteke horren lotsa gutxi.

Lotsa. Nola izan daiteke epaile eta deklaratu nahi duenari poliziaren eskuetatik igarotzea behartu.

Lotsa eta beldurra.

animo denei! eta muxu handi bat.

2008-06-14

eta aldatu egin da.

Aldatu egin da bizitzaz nuen ikuspuntua. Aldatu egin dira nire baloreak. Aldatu egin dira garrantzitsuak diren gauzak. Aldatu egin dira nire eguneroko jakiak. Aldatu egin dira nire asteburuetako planak. Aldatu dira nire astegunak. Aldatu dira egunak. Aldatu dira gauak. Aldatu dira minak. Aldatu dira irrifarrak. Aldatu dira barreak. Aldatu dira malkoak. Aldatu da nire gorputza. Aldatu dira nire pentsamenduak. Aldatu da etxea. Aldatu da herria. Aldatu da dena.

Aldatu da bizitza. Aldatu naiz ni. Aldatu da dena.

Aldatu da nire bizitza.

Aldatu da osasuna.

Aldatu.

Zaindu.

Sendatu.

2008-04-18

Nara

Mundu honetan jaiotzea tokatu zaizu. Eta askotan ezetz pentsatuko badezu ere mundu zoragarria da.

Batzuetan zure lekua zein den ez dakizula irudiko zaizu, baina egon ziur asko daukazula hemen egiteko eta zoriontsu izaten saiatu behar dezula, izango zerala. Une txarrak egongo diren arren gauza guztiak konpontzen direla eta konponbiderik ez badute ez dezula zertan kezkatuta denbora galdu behar. Ziur egon zoriontsu izango zerala.

Bakarrik sentitzen zeranetan gogoratu beti izango dituzula maiteko zaituzten lagunak. Ziur egon zoriontsu izango zerala.

Eta ez ahaztu inoiz egunero irribarre egiteaz.

2008-04-15

oraingoan... Axuni

Ez dakit zer gertatzen den baina badirudi Herio berriro ere gerturatu zaigula espero ez genuenean eta espero ez genuen eran....

Oraingoan Axun. Axun Aierbe. Zalantzarik gabe irakasle paregabea. Zorrotza baina ona, bere lana oso ondo betetzen zuena. Asko zekiena eta gauzak azaltzea eta hitz egitea maite zuena. Irakasten dakiten irakasle gutxietako bat.

Ezin gehiago esan.

2008-04-13

Goilaratxoa

goilaratxoaren zai....

posterraren zai.... paretak biluzik.

2008-03-28

Hitzak

24 ordu. 1440 minutu. 86400 segundu.

Mundu honetan denbora hori bakarrik geratzen zaizula jakingo bazenu.... zein hitz maiteentzat? zein hitz gorrotatuentzat? zein hitz utziko zenituzke besteen bihotzetan iltzatuta?

24 ordu. 1397 minutu. 83820 segundu.

azkar. Denbora aurrera doa. Bazoaz.

2008-03-18

Amets bat

Bart aspaldi ikusi ez dudan pertsona batekin amestu dut, eta zoragarria izan da. Denbora igaro ez balitz bezala egon gara ametsean, hitz egiten, dantzan, hondartzan... eta zoragarria izan da.

Denbora igaro ez balitz bezala, askotan ikusiko bagina bezala, inoiz ez bezala, presarik gabe, lasai lasai. Eta zoragarria izan da.

Pena da ametsa bakarrik izan dela.

Ea laster egoterik dugun.

2008-03-10

Zer egin nahiko zenuke hil aurretik?

2008-03-07

Hauteskundeak 2.

Duela ordu batzuk idatzi det hemen azpian dagoen testua, hauteskunde kanpainako gertakari baten inguruko... eta zoriaren gauzak zein diren, egun berean jaso det jadanik espero ere egiten ez nuen gutuna. Eta behingoagatik ez zen Kutxak bidalitako gutuna!

Eta gutun horrek berriro ekarri dizkit amorrua eta pena gorputzera eta era berean izugarri poztu nau. Gutun hori hauteskundeen beste kanpainaren aldea da...

Eta ze poza ondo zaudela irakurtzea! Ea esan dezun bezela aspaldi hartu behar genuen kafetxoa laster hartzerik degun.

Besarkadarik beroena!

Hauteskundeak.

2008.urteko lehen bi hilabete hauek ez dira errazak izan euskaldunontzat; 2007ko azken hilabeteak ere ez ziren batere goxoak izan...

Atxilotuak gehiegi, gazte gehiegi, torturatuak asko, istiluak milaka, kolpeak eta pilotakadak gehiegi, ilegalizazioak, kontrolak, kolpeak han eta hemen, eta atxilotu gehiago, torturatu gehiago, istilu gehiago, kolpe eta pilotakada gehiago...

Eta ez... ez gaituzte errespetatzen, ixildu nahi gaituzte, ez digute pentsatzen deguna kalera ateratzen uzten, ideiak ilegalizatzen dituzte...

Eta ez... gauzak ez daude batere ondo; gauzak gaizki doaz eta konpondu egin behar dira...

Baina agian tiroek ez dute balio...

Gauzak okertzea besterik ez da lortu, atxilotu gehiago egotea, min gehiago, kontrol gehiago, kontroletako gehiegikera gehiago, kolpe gehiago hemen eta han, eta tortura gehiago, eta istilu gehiago, eta min gehiago, eta beldur gehiago... eta familia hautsi gehiago; bai gureak, bai haienak ere.

2008-03-05

Bizitza triste eta ederra



Bizirik bazaude hilko zarenaren seinale.....

Badakizu bizitzen? Badakizu gozatzen?

Badakizu hiltzen?




eskarrikasko Ion horren musika onarengatik.

2008-02-21

Maitemindu egin naiz

Maitemindu egin naiz.

5 segundu besterik ez ditut behar izan zuri begira bihotzaren taupadak sentitzeko.
5 segundu besterik ez zure edertasunaz maitemintzeko.
5 segundu nahikoa izan dira zure irudiari begira tontotuta geratzeko.
Ez dut gehiago behar izan.
5 segundu.
Zure argitasuna besterik ez dut ikusi 5 segundu horietan.
Zure argitasuna eta inguru guztia ilun.
Zu besterik ez nire parean.
Zu eta ni.
Zu eta ni iluntasunean.
Zure argitasuna nire begietan.
5 segundu. Ez gehiago.
Eta maitemindu egin naiz.

Alboan izan nahi zaitut beti, ezagutu nahi zaitut, ezagutu nazazun nahi dut, behar dut.
5 segunduak bizi oso batean bihur daitezela.
Ez... ez joan.
Mesedez.
Ez joan... ez desagertu...
Mesedez.
5 segundu gehiago.
Mesedez.
Ez joan... ez desagertu...

Behar zaitut. Nirekin nahi zaitut. Ez alde egin.
Bueltatuko zara?
Maitemindu egin naiz.
Ez nazazu utzi.
Mesedez.
Ez joan... ez desagertu...

Zin egidazu bueltatuko zarela. Zin egidazu. Behar zaitut.
Maitemindu egin naiz.

Ilargi betea, maitemindu egin nauzu eta orain eklipseak ezkutatuko zaitu....

5 segundu gehiago.
Mesedez.
Ez joan...

2008-02-19

2008-01-25

ixilean gordetzen dugun hortaz....um...... zuk ulertzen didazu....


Sarritan entzuten ditut XXI.mendean gaudela eta liberalagoak gerala eta beste mila kontu....... baina ez nago ados.

Bai, orain harreman "askeagoak" ditugu, kalean muxu eman eta ipurdiak ukitzen dizkiogu elkarri eta sexu-harremanak ezkondu aurretik ditugu eta harro gaude.

Eta harrotasun horrek kezkatzen nau. Harremanak ditugu, askotan bururik gabe egiten ditugu, aukera dugulako, XXI.mendean gaudelako, eta liberalak garelako..... Parranda ondorengo egunean kafetxoari laguntzen dion elkarrizketa tipikoa da..."zer, eta atzoko rubio horrekin zer?", "e! ta tipa hori ze? portatu al zinen?" etabar..... Eta nazka diot. Nazka diot elkarrizketa horri.

Eta nazka diot erabiltzen dugun faltsutasunarengatik. Gai gara aurreko gauean izandako harremanez hitz egiteko..... "jo, ba ez dakizu, hondartzara joan ginen.... eta ze paketea!", "bua, ezin dezu imajinatu ze desastrea izan zen... ez zuen batere kordinatzen", "ala, ezin dezu imajinatu nun bukatu nuen... anoetako eskailera batzutan, k pasada.....". Baina ez, ez gara gai sexuaz beraz hitz egiteko.

Egoeraz harro hitz egin arren ez gara gai "titietatik heldu zidan eta bero-bero jarri ninduen", edo "zakila sartu bitartean kriston hotzikara sentitu nuen" edo detaileetaz hitz egiteko. Ez gara gai hau egitea nahi dut eta egidazu honela esateko. Ez gara gai sexuaz beraz hitz egiteko.

Eta pena ematen dit..... sexua maite dut eta!

Maita, maita, maita nazazu gutxio...... goza, goza, goza nazazu gehiago.........

2008-01-16

erabili eta bota

horrelakoa da gure gizartea, erabili eta bota...... dena erabili eta bota......

Eta baita jendea ere. Zergatik ukatu? Erabili eta bota.

Harremanetan ere erabili eta bota.

Pertsonak erabili eta bota.

Behar duguna hartu eta beste guztia bota.

Eta gehiegi botatzen dugu.

Gehiegi botatzen gaituzte.

Zabor bihurtzen ditugu.

Zabor bihurtzen gaituzte.

Zaborra naiz.

2008-01-06

eskaparatismoa

azken aldian sarri pentsatzen dut zer gertatzen ari ote den gure gizartean..... zer gertatzen ote zaigun eta zertan ari ote geran......

Ingurura begira jartzen naiz eta harritzen nauten milaka jokabide ikusten ditut...

Zergatik aldatzen ote gara horrenbeste bakarrik ala jende askoz inguraturik gaudenean? Zergatik aldatzen ote gara hainbeste egoera batean ala bestean? Zergatik?

Zergatik aritzen ote gara horrela? Zergatik horrenbesteko "eskaparatismo"? Ez zait gustatzen.

Ez zait gustatzen hitz egiten dugunean nire alboan pertsona bat dudala ikustea, dituen ezaugarriak dituelarik, gustatzen bazait ala ez.... alboan dudan hori, nirekin hitz egiten duen pertsona hori benetakoa dela pentsatzea maite det..... benetan duzun izaera erakusten duzun hori dela pentsatzea maite det...... agian ez zait gustatuko, akaso bai....baina benetakoa dela sentitzen dudan bitartean pila bat apreziatuko zaitut...

Baina ez zait batere gustatzen nirekin hitz egiten duzunean mota batetako pertsona zerala ikustea eta jende gehiago dagoenean guztiz desberdina zerala ikustea.... ez zait gustatzen, are gehiago gorroto det eta pena ematen dit.

Pena ematen dit eta triste jartzen naiz horrenbesteko aldaketak daudela ikustean ohartzen bainaiz nik uste nuen hori gezurretazkoa dela. Pena ematen dit batez ere zuengatik......

Eta ezagutu nahi zaitut.......

Benetan ezagutu nahi zaitut

Benetan jakin nahi ditut zeintzuk diren zure beldurrak, zoriontsu egiten zaituzten gauzak, triste jartzen zaituztenak....... eta parrea eragiten dizutenak.

Benetakoa zerala sentitu nahi dut.

2007-12-12

eguzkilorearen arantzak


Aspaldi eguzkiloreak topatzen ziren etxe guztien ateetan etxea babesteko. Lore zoragarria iruditu izan zait bet, polita, leku gutxitan hazten dena eta arantzaz betea....

Arantza politak, mingarriak, arriskutsuak..... eta ziurrenik arantza horiek babesten zituztela etxeak... baina gutxinaka ohitura hori ere galtzen hasi da..... leku gutxitan ikusiko dugu eguzkilore bat atearen zaindari.... eta horrela hartu gaituzte....

Babes ditzagun berriro ere gure etxeak.... sorginengandik ez bada ere babes ditzagun gure etxeak gaueko iluntasunean berdez, urdinez edo gorriz jantzitako deabruek esnatu eta gure etxeetatik urrun eraman ez gaitzaten.

Bete dezagun Euskal Herria eguzkilorez ea horrela samina, izua eta negarra sortzen dizkigutenek alde egin dezaten...... maite ditugun horiek gure artean izan ditzagun!

Animo politak! laster hemen egongo zerate eta!

Muxu bat.

2007-12-04

Zenbakien indarra

108 hildako lan istripuetan 2007an

15 atxilotu madrilen

3 hildako errepideetan 24 ordutan

936 pertsona gehiago langabezia hego euskal herrian

46 pertsonen atxilotze agindua

10ean epaia jakingo da

60.000 euroko fidantza

17.000 sinadura artikulu baten erantzuna emanez

6000 metro karratu euskal mitologiaren parkeak

18 urterarte adingabe

98 milioi malko




HAMAIKA ikusteko jaioak gara!

2007-11-21

ni
zu
gu

zu
ni
gu

bat
bi

bi
bat

hurbildu eta urrundu

bero eta hotz

atzo eta bihar

zuria beltz

2007-11-12

opari bat


azken aldian garai nahiko txarrak bizitzea tokatu zait eta horrelakoetan nahi baina buelta gehiago ematen dizkiot buruari...

eta inoiz baina gehiago pentsatu dut gizarte honen gabeziez... inoiz baina gehiago materialismoaz, kapitalismoaz... eta ez, ez zait mundu hau batere gustatzen. Eta aldatu nahiko nuke, goitik behera aldatu nahiko nukeen... Baina nik bakarrik ezer gutxi egin dezakedalaz ohartzen naiz...

hala ere gauzarik txikienekin ere gauza handiak lor ditzakegu, zalantzarik gabe...

Eta gaurkoan opari bat eskatu dizut... Opari bat, irrifarre bat, zurekin igarotzeko 10 minutu, besarkada bat, laztan bat... ea laster ematerik duzun.

2007-11-06

pena merezi du?

behin eta berriro entzuten ditugu sekula entzun nahi ez genituzkeen berriak, geroz eta maizago jasotzen ditugu gertuko zaizkigun kolpeak eta ezin ezer egin...

Ahal dugun guztietan berriak entzuten, irakurtzen edo ahal dugun era jakiten saiatzen gara zerbait gehiago gertatu denaren beldur...

Tentsioa, tentsioan pasatzen ditugu orduak, minutuak eta segunduak. Tentsio eta beldurrez maite dugun norbaiti zerbait gerta dakiokela pentsatzen, edozein unetan gauzak orain ere okerrago jar daitezkeela pentsatzen, edozein aldetik kolperik ematen bada eragin zuzenena betikoek jasan beharko dugula pentsatzen...

Baina ezin dugu ezer egin..... berdin pentsatzen jarraituko dugu, berdina maitatzen segiko dugu, hainbeste gorroto duten hizkuntza erabiltzen, hainbeste gorroto dituzten sentipenak bihotz barrenean izaten eta ezin dugu ezer egin...

berdin jarraituko dugu.....

pena merezi duen? zerbait lortuko ote dugun? Akaso ez, baina lortzea garrantzitsua den bezala gutxienez ahalik eta gutxien galtzea ere garrantzitsua da eta oztopoen gainetik gure bizitzekin jarraitzea, gure sentipen, izu, beldur eta hizkuntzarekin aurrera egitea......

pena merezi du? Zergatik ez ba! Gehiago galduko dugu ezer maitatu gabe bizi bagara......

2007-11-04

eta gaurkoan zer?

Harrigarria da.

harrigarria da gure izaera, arima, burua, bihotza edo dena delakoa nolakoa den...

irri bat malko bihur daiteke une batean, malko bat barre... eta inongo logikarik gabe...

segundu erdi batean dena alda daiteke eta dena bukatu, dena hasi.

eta batzuetan bukatu egiten da...

baina irriari eutsi behar....

2007-10-26

zeinek espero...

Zeinek espero zezakeen halakorik gerta zitekenik...

Inoiz ezin da jakin non topatuko duzun etsai berri bat, lagun berri bat, gorrotatzeko norbait edo maitatzeko norbait...

ezin jakin.....

eta jakin ezin horrek eta espero ezak egiten digu espero ez genituen egoeratan topaturiko lagun berriak, etsai berriak gehiago gozatzera...

arraroa mundua....

gutxien espero duzunean bidean lagunduko edo zankadila jarriko dizun norbait topatuko duzu...

ez iezaiozu ihes egiten utzi.....

2007-10-20

badakizu zer?

badakizu zer?
bizitza uste duguna baina motzagoa dela...

badakizu zer?
edozein unetan dena amaitu daitekeela, bizitza guztia aldatu daitekeela...

badakizu zer?
edozein unetan maitemindu zaitezkela, edozein unetan maitemindu daitekeela norbait zure begiradaz...

badakizu zer?
egun txar batean edonork lagun zaitzakeela...

badakizu zer?
norbait faltan botatzen duzunean telefonoa hartu eta deitzeko ausardia behar dela...

badakizu zer?
bizitza amaitzen ari dela...

badakizu zer?
une guztiak aprobetxatu beharko zenituzkeela...

badakizu zer?
barkatu eta mila esker esatea zaila dela...

badakizu zer?
benetan esatea lortzen dugunean zoriontsu izango zarela...

badakizu zer?
besarkada bat nahi dudala.

2007-10-09

Zergatik orain?!

2007-10-08

bidea galtzen dugunean...

Zerk ezartzen du gure bidea? Zer da alde batera eta bestera garamatzan hori? Zerk ezartzen du gure orain eta geroa? Eta horren aurka egiterik badugu?

Batzuetan pentsatu izan dut gu geu garela gure bidea egiten dugunak baina beste askotan aurretik ezarrita daudela iruditzen zait, guk inongo kontrolik ez dugula gure bizitzetan eta gertatuko zaiguna aurrez idatzirik dagoela.

Eta orduan zer egin? Gertatu behar dena gertatuko da pentsatzen eta sentitzen dut azkenaldian eta geroz eta ziurtasun handiagoa dut guk ezer gutxi esaterik dugula esatean.

Erabaki bat edo beste hartzen dugu uneoro, bat hautatu eta milaka aukera alde batera utzi. Eta aukera horiek egiten dute bere bidea, baina guk egiten ditugu hautu horiek? Akaso bai, baina inolaz ere ez dugu beraien gaineko kontrol guztia.

Gauza bat edo beste egiten dugu bai, eta beti dugu buruan hau ondo egina dago eta hau ez, hau egin beharko nuke eta hau ez... baina zerk ezartzen dizkigu balore horiek?

Akaso gizarteak gaizki ikusitako gauza bat egitea guretzat oso aberasgarri izan daiteke eta beldurra eta lotsak gauza horiek ez egitera garamatzate askotan. Baina ez! Ez dezagun gizartean pentsatu, pentsatu une batez zure buruan. Zuk zeuk dituzun behar eta nahiek agindu beharko lukete uneoro gure bizitzetan eta ez beste ezerk. Gure ongizatean pentsatu behar dugu, gure nahi eta beharretan.

Zergatik pentsatu behar dugu beti besteengan. Bai, gizartean bizi garelako, ez dago zalantzarik. Baina uzten ahal diogu zalantzari lekurik? Ez. Ba nik nire zalantzak ditut.

Askotan kontrola ezin dezakegun indar azalezin bat agertzen da gure bideetan, ezagutzen ez dugun pertsona batekiko gorroto azalezina, erakarpen izugarria edo azal ezin daitezken beldurrak. Indar horiek ekiditen saiatzen gara behin eta berriro, etengabe.

Baina akaso indar horiek eramango gaituzte bide egokira. Akaso noizean behin oraingo bidetik sartu-irten bat egitea izan liteke onena.

Ezin jakin baina bihar zer gertatuko den.

2007-10-07

ezin besterik...

aste honen ostean ezin besterik esan....

denon kalterako direla horrelako ekintzak..

freebatasuna

2007-09-22

berriro, mendiak eraman zaitu

eta berriro gertatu da.

beste behin.

Anboto izan da oraingoan protagonista.

Bizitza gogorra izan duzu azken urteetan eta horrelako amaiera ezin zuen inork espero.

Muxu handi bat familia eta gertuko lagunei.

Niretzat ezagun bat besterik ez zinen, noizean behin poteren bat eta gehiagorik ez baina ez. ezin dut sinistu.

Muxu bat Trujo faltan botako duzuen guztiei eta besarkadarik handiena.

2007-09-18

Bakea…

Bakea nahi dutela entzuten dugu behin eta berriro alde batetik eta bestetik…

Ezin dela bakerik egon atentatuak dauden bitartean…

Ezin dela borroka utzi errepresioak dirauen bitartean…

Oso ongi… ados. Bi argumentuekin ados.

Baina euskalduna naiz eta gainera gaztea…

Akabo! Nireak egin du. Kontrolak edonon, edonoiz eta nahi duten eran, nola bestela?

Ordubete, ordu erdi, ordu terdi… zer axola die… gauza da beraiek nahi duten arte edukiko zaituztela hor. Nahi duten guztia esango dizute, zure lagunez, familiaz… galdetuko dizute eta zu hor, bakarrik, kotxeak, jendea… pasatzen ikusten dituzu. Batzuek “algo habrá hecho” besteek “joe gizajoa, gainera bakarrik dago” esango dute… eta zu hor, esaten dituzten astakeriak entzuten…

Zer tristea… bakea… bai bai, nik ere bakea nahi dut. Ez dut nahi lanera ordubete beranduago iritsi nahi. Ez dut trenean lasai lasai natorrenean bapatean berdez jantzitako gizontxoak bertan sartu eta motxila bat dudalako karneta eskatzerik nahi. Ez dut alde zaharretik noanean gaizki begiratu nazaten nahi. Ez dut inongo arrazoirik gabe pilota edo porra batek nire gorputza kolpatu dezan nahi.

Ez dut hori guztia nahi. Ez dut nahi eta gainera ez dut merezi… hori egiteko gai denak benetan bihotzik baduen galdetzen diot nire buruari…

Erantzun proportzionatuak omen dira… izua, beldurra, kolpeak, kontrolak edonon…

Eta gero esango didate gure erruz ez dagoela bakerik…

Bi astetan Oiartzunera etortzen bi kontrol pasa behar izan ditut, bat errepidean, bestea trenean… eta galderak, mina eta izua eragin nahi duten hitzak… ni lanera bake bakean nentorren… eta beraiek dira bakezaleak…

2007-09-08

tradizioaren izenean.....


tradizioaren izenean....

Tradizioaren izenean gaur goizean Hondarribiko kaleak mozorrotutako jendez bete dira... Ai ama.... eta gainera pozik egon behar dugu aurten ez dituztelako plastiko beltz handiez estali Hondarribiko kaleak.

Tentsio gutxiago egon omen da komunikabide gehienen arabera, batzuek ez dute ezer ere esan.... BARREGARRIA. Tradizioaren izena erabiltzen dute "alarde tradizionala" babesten duten guzti horiek. Oso oso polita. Benetan. Alardean beraien ustez emakumezkoek ez genuke parte hartu behar... noski... etxean egon beharko genuke gizonentzako bazkaria prestatzen! A ze burutapena, herriko egun handiko festa handian parte hartu nahi izatea ere... pentsatze soilak lotsa eman beharko liguke.

Mesedez, zertan ari zarete? Zer lortzen duzue mozorro horiekin? Zer lortzen duzue bizkarra eman eta aurkako oihuak etengabe eginez? Zer kalte egiten dizuete alarde mistokoek?

Bai, orain esango didazue ez naizela Hondarribikoa eta ezin dudala ulertu. Ba ez, ez naiz Hondarribikoa eta ez, ezin dut ulertu. Ezin dut ulertu nola oraindik ez duten alarde tradizionala debekatu, bai, debekatu esan dut, ez dituelako pertsona guztion oinarrizko eskubideak betetzen. Ez digulako parte hartzen uzten. Debekatu egin beharko lukete konpainia tradizional eta "berriek" batera alardea egiten ez duten bitartean. Eta emakume izan eta jai batean parte hartzeagatik oihuak, mezprezuak eta... egiten dituzten guzti horiek atxilotu ditzatela pertsonen oinarrizko eskubideak ez errespetatzeagatik.

Zer? Tradizioaren izenean denetik egin ahal daiteke? Tradizioaren alde egiten al dute "alarde tradizionalistakoek" bizitzaren alderdi guztietan? Agian bai. Agian gaur mozorrotuta zeuden guzti horiek Erdi Aroan bizi dira... Noski eta neska gaztetxo horiek ez dute ikasiko. Ez, eta emakume horiek guztiek ez dute etxetik kanpo lan egingo... Gizonen esanetara, nahietara egokituko dute bizitza guztia. Etxea zaintzen eta etxekolanak egiten pasako dute urte osoa. Eta noski, gizonak jotzen baditu ere isilik hartuko dituzte kolpeak... noski... tradizioaren izenean edozein gauza....

Mozorrotu zaitezte bai, niretzako gaur erakutsi duzue benetan duzuen aurpegia eta izaera... PAILAZOAK besterik ez zarete. Ez zarete konturatzen zapalkuntza besterik ez duzuela goraipatzen tradizioaren izenean...

Zuek alarde mistoko jendea kritikatzen zeundeten bitartean beste emakume bat hil du bere senarrak, tradizioaren izenean, eta milaka neskatxek derrigorturiko sexu-harremanak jasan dituzte... bai bai, hitz egidazue tradizioaz.......

Eta esaidazue ezin dudala hitz egin bertakoa ez naizelako... donostiarra naiz eta zorionez, askoz intelijentzia handiagoa erakutsi du donostiak... 25 urte baina gehiago dira emakumezkoak danborradan ateratzen garenetik... inongo iskanbilarik gabe, guztien eskubideak errespetatuaz.

Eta kritika nazazue... argumenturik baldin baduzue behintzat...

Baina azkar! Ezin duzue eta ordenagailua erabili, duela 200 urte ez genituen eta... segi Erdi Aroan!

2007-08-19

Marc... eta beste guztiak...

Urtebete eta zazpi egun igaro dira berria jaso genuenetik...

Eta oraindik ezin sinistu... Eta oraindik batzuetan ea noiz topatuko geran pentsatzen jartzen naiz... eta oraindik ezin sinistu...

Urtebete pasa da... urtebete Ordesa eta Monte Perdido inguruan istripua izan eta agurtu gabe mundu honetatik alde egin zenuen zorigaiztoko egun hartatik... eta oraindik ez naiz gai zutaz lasai hitz egiteko ere... ez naiz gai zutaz gogoratu eta malkoei eusteko.... ez naiz gai zure izena entzun eta gaia segituan aldatu gabe egoteko ere...

Eta ni bezala beste batzuk ere badaudela badakit... eta mina ematen dit horrela gaudela jakin eta hitz egitera eseritzeko gai ez izateak... mina ematen dit gehiago ikusiko ez zaitudala jakiteak, gehiago entzungo ez zaitudalaz konturatzeak eta parrandarik botako ez dugula jakiteak...

Eta saiatzen naiz, saiatzen naiz eta nire buruari egunero esaten diot bihar edo etzi geratuko naiz honekin eta harekin eta hitz egingo dugu gertatu zenaz, askatuko dugu barruko mina eta merezi duen bezala gogoratuko dugu Marc...

baina ez, ez naiz gai...

eta gaur irakurri dut Pirineoetan egiten diren salbamenduen %25 euskaldunei eginak direla... eta Marc katalana izan arren euskaldunekin joan zen egun horretan mendira... eta zenbatetan joango ote gara gu hemendik aurrera... gaur bertan hara joan da pertsona maite bat... eta istripurik egongo ote den???

inoiz ezin jakin. inoiz ezin espero. inoiz ezin sinistu.

muxurik beroena zauden lekuan zaudela...

eta hemen zaudetenei mendian erne ibiltzeko arren, ez nuke berriro horrelakorik jasango eta... ezin diot oraindik buelta eman eta.........

2007-08-08

parte hatzeruntz.... ABANT!

Aste Nagusia iristear dagoen honetan ezin aipamenik egin gabe gelditu....

Ez da aurreko urteetakoen antzekoa izango, iazkoa alde batera utzita (bizkarra, badakizue), aurreko urteetan gaueroko parranda horiek errepikatzea nahiko zaila izango da... (eta eskerrak! bestela gibela gaixoa...)....Baina inoiz baina gogo gehiago dauzkat Aste Nagusia iristeko!!

Aurten nahiko denbora gutxi izaten ari naiz Alde Zaharrean ibiltzeko, donostiarrekin harremanak ondo mantentzeko... baina espero dut balioko duela datorren asteak...

Nire partetik denei gonbitea parte har dezazuen ahalik eta gauza gehienetan, piraten 5. urteurrena da eta benetan kriston programa antolatu dute (informazioa www.izanpirata.info orrian).

Benetan espero dut aurreko urteetako parte hartze handi hori handituko dela, ziur nago abordaia kristona izango dela eta nik nahiz eta barkua dagoeneko prest dudan agian ezin izango dut joan ( jo baina nahi det!!! nahi det!!! nahi det!!! ) eta batez ere bazkarira, bazkari hori kristona da...

Beno ba hori, denak ikusi nahi zaituztedala, denekin nahi dudala aspaldiko partez pote bat edo txupito bat hartu, denekin nahi dudala 5 minutu baldin badira ere egon....... benetan, inoiz baina gogo gehiago dauzkat aste nagusirako!!!

Baina aurten denbora gutxi izango dut zuentzat... lana egitea tokatzen zait eta.......

Ezin duzue zenbat pena ematen didan imajinatu!!!!

Parte hartzerantz.........ABANT!!!


2007-07-18

Mendekotasuna dutenak zaintzeko laguntzak

lotsagarria....

ez dago beste izenik dekretu berriarentzat.....

lotsagarria.......

oso ongi, diru laguntzak onartu dira behar duten pertsonak zaintzeagatik.... bazen garaia.
pertsona asko eta askok pasatzen ditu orduak, egunak, hilabeteak, urteak behar duten familiarteko, lagun eta ezagunak zaintzen. Beraien lana utzi eta soldatarik gabe lana egiten pasatzen dituzte urteak, lana, lan gogorra gainera. Eta azkenean, diru laguntzak onartu dituzte euren lana utzi behar dutenentzat....... bazen garaia!!!

baina mesedez....... lotsagarria da.

lotsagarria da berdintasunaren aldeko borrokan betean gauden bitartean; eta are gehiago... administrazioek borroka horretan parte oso garrntzitsua jokatu behar duten honetan, emakume eta gizonek soldata berdinak izateko bidean; lan baldintza berdinen bidean joan behar duen borrokaren une gorenean........... zer eta dekretu horretan onartuko diren diru laguntzak LOTSAGARRIAK dira.

lotsagarriak gizonezkoentzako proposatzen diren diru laguntzak emakumeentzako direnak baina altuagoak direlako........

lotsagarria eta penagarria.

ezin dut sinistu!!!!!!!!

2007-06-21

denbora pasa da...

denbora pasa da orri hau sortu nuenetik

denbora pasa da, urte bete eta 6 egun..........

iazko azterketetan sortu nuen eta orain ere ikasten egon beharrean hemen nabil zergatik sortu nuen pentsatzen, ea balio izan duen zerbaitetarako....

eta urte osoaren errepasoa egitera naramate bertako testuek.........

eta eskarrikasko handi bat besterik ezin dut esan........

eskarrikasko irakurri nauzuonoi

eskarrikasko idatzi duzuenoi

eta eskarrikasko ezer idatzi ez arren gero nire testuez hitz egin didazuenei........

laster arte

2007-06-05

esan nahiko nizuke.......

gauza asko esan nahiko nizkizuke

ondo zauden jakin nahiko nuke

faltan botatzen zaitudala esan nahiko nizuke

zurekin hitz egin behar dudala esan nahiko nizuke

parranda on bat bota nahiko nuke zurekin

aspaldiko gauzetaz hitz egin

orainaz

geroaz
zutaz

nitaz
bizitzaz

zure berri izan nahiko nuke

dei nazazu, idatz iezadazu

esan nahiko nizuke.......

2007-04-18

GIZAKIA vs. JENDEA

Azken aldian eztabaida asko ari dira sortzen "gizaki" terminoaren inguruan...

Batzuen iritziz "gizon" hitzetik dator eta beraz gizaki, gizarte... hitz matxistatzat jo daitezke (history= his + story-ren ildotik doan teoria da).
Baina egia da, euskaraz fonetikoki zein gramatikoki ez dagoela ezer gizaki-gizonetik datorrela baiezta dezakeenik. -on>-a ez baita beste hitzetan betetzen.

Beste batzuen iritziz, gizon, gizakitik datorren hitza da, eta gizaki ere beste nonbaitetik datorren zerbait.

Orain, nire teoria... inongo oinarririk gabekoa, inongo frogarik ez dut baina beno, egun batzuk daramatzat honen inguruan pentsatzen eta hau da nire teoria:
- hizkuntza batek inguruan duen errealitatea islatzen duenez pentsatzekoa da "izan" aditza euskararen oinarrian zegoen aditza zela, existitzen zena adierazten zuena.
-izan-etik --------izaki sortuko litzateke, dagoena adierazten duen hitz moduan. beraz, izaki=dagoena (gaztelerako ente, ser)

- izenordeak (ni, hi, hura, gu, zu, zuek, haiek) hizkuntza guztien oinarrian daude eta beraz pentsa dezakegu iraganeko euskararen oinarri ere bazirela.

- "gu" garen "izaki" adierazteko zilegizkoa da pentsatzea
gu+izaki= gizaki (u+i= i)
- gizaki horretatik, gu izaki onak garela adierazteko "on" gehitu zitzaion ziurrenik-------- gizaki+ on > gizon ematea onar daiteke. hizkuntzen ekonomiari jarraituz.

nire ustez emakume beranduago sortu zen hitza da giza espeziearen ar eta emea bereizteko, emea+ kumea osaketatik eta orduan esleituko lietzaieke "gizon" gizaki arrei.

teoria hutsa, oinarririk gabea baina jorratzeko asmoa dudana. ni ez naiz jende erabiltzearen aldekoa gizaki erabiltzen zen leku guztietan, jende gure inguruko hizkuntzetan beste konnotazio batekoa delako, eta niretzat gizartea eta jendartea ez direlako sinonimoak.

2007-03-01

"¡¡¡quien tuviera veinte años!!!"

zenbatetan entzun behar izaten dugun hori... gurasoen ezagun batekin edo topatzean eta "cuanto has crecido"-aren ondoren... esaldi nazkagarri hori!
ba bai, nik ere nahiko nituzke 20 urte izan, baina hogei urte hoiek disfrutatu nahiko nituzke; besteek bezala. parranda on bat bota, mendian buelta bat eman edo egun pasa bat egitera joan, korrikaldi ero bat hondartzan, igeri egin, kirol piska bat egin... eta ez nekatu.

itoko naizela ez sentitu, lurrera erortzera noala ez sentitu, eseri behar naizela ez sentitu... hotza ez sentitu....

eta errekuperatzean... beldurra, pena, eta galderak....... zergatik niri? eta zer egin?

eta bitartean... hementxe..... proben zai, emaitzen zai.

itxaropenari heldu eta sendatzear nagoela sinistu......

sagarrondotiken kontzertuak ikusi ahal izango ditudala sinistu!

eta eskarrikasko... eskarrikasko desmaioetan zaplastekoak emateagatik, esnarazteagatik, eta eskarrikasko asteazkenean lagun zidan horri ere.

eta eskarrikasko lagun on zaretenei. zuekin hitz egin daitekeelako.

2007-02-24

eta zuretzat zer?

zer pentsatzen duzu komunikabideen manipulazioaz? adierazpen askatasunari ezartzen zaizkion debekuez? gazte izateagatik jasan behar ditugun ondorioez? etxebizitzaren prezioaz? leku guztietan kamaren begiradapean egon behar izateaz? mugikorrak, ordenagailua... lasaitasunez ezin erabiltzeaz? hezkuntza sistemaz? taberna batean lasai hitz egin ahal ez izateaz albokoak itxura "susmagarria" duelako? euskaltzaindiaren erabakiez (erreportaia EZ!!! erreportaje!)? euskararen egoeraz? egunkariaren itxieraz? sagardotegien prezioaz?

zer pentsatzen duzu? zertaz zaude nazkatua? zerk kezkatzen zaitu? zeren beldur zara?

2007-02-19

aukerak.... BIDE ONEAN AL GAUDE?

egunero hartu behar ditugu erabakiak...... uneoro. gauza bat egitean ordea beste milaka alboratzen ditugu...... eta azken aldian sarriegi pentsatu izan dut erabaki bat gaizki hartzen dugunean atzera bueltarik ez dugula.....
bide bati ekiten diogu onena dela uste dugulako, momentuan hori desiatzen dugulako edo hego haizeak eman digulako...... nork daki arrazoia...... baina bide bati ekiten diogu, ilusioz, gogoz, indarrez........

baina bide horri ekin diogunean bide asko atzean utzi ditugu eta hoietariko asko ez ditugu berriro ikusiko... baina agian besterenbat gure bideetan gurutzatuko da berriro ere..... eta orduan zer? aukeratu genuen autopista utzi eta irteera bat hartu behar dugu? garesti aterako zaigun ordainsaria (peajea) ordaindu beharko dugu orduan.....eta akaso bide horrek amaierarik ez du izango, edo amildegi batean bukatuko da..... eta ez, orduan ez dugu atzera bueltatzerik izango.......

eta zergatik eusten diogu orduan autopistari? erosotasuna, ohitura... zein da arrazoia???????

gure bideak direnak direla ere, goza ditzagun eskaintzen dizkiguten ikuspegietaz......

2007-02-09

zaharrak berri...

sinestezina. sinestezina da...... berriak ikusteko eseri naiz duela 10 minutu eta ezin dut sinestu...

euskal herriari buruzko berriak zorixarrez, sarriegi dira berdinak... beti berdina, zaharrak berri, ezer ez da aldatzen... eta oraindik badirudi ezer ez dela aldatuko...

3-4 epaiketa injusturen inguruko berriak, 18/98, zaldibiarrena, iruñakoa... ahotsak plataforman desadostasunak (proiektu polita zirudien, ametsa zen agian... esnatzeko ordua ote?), legebiltzarrean De Juanaren inguruan hitz egin dute... baina berak gose greban jarraitzen du...

badirudi gure bizitzak estuki lotzen direla entzutegietara... ezin dugula ezer egin epaiketa batean bukatzeko, gehienak epaiketa eroak... inongo oinarri sendorik gabeak...

eta zein da gure delitua? uste dut jaio garen lekuan jaiotzea dela egin dugun akatsik handiena....

2007-01-28

egia da!!!!!!!!

askotan, sarriegi akaso zerbait gertatzen hasten zaigunean, sentimendu bat hasten zaigunean ez dugu onartu nahi izaten.

okerrena beste norbaitek horri usaina hartzen dionean iristen da.... beste pertsona hori onartu nahi ez dugun egiaz hitz egiten hasten zaigu, eta entzuten diogun bitartean urduri jartzen hasten gara...

ez dugu egi hori entzun nahi, ez dugulako onartu nahi... baina bapatean onartzen hasteko garaia hasten da eta egi hori ukatzen hasten gara urduri antzean..."keba keba, ezetz, ez esan txorradarik, ez ez, nou nou, ezta brometan...." ukatu eta ukatu hasten gara. behin eta berriz ukatzen...

horrela ukapen hori sinistuko dugulakoan edo... egia hori onartu behar izango ez dugulakoan....


baina ez al da hobea egi hoiek onartu eta aurrera jarraitzea???????

2007-01-27

Mendiak eraman zintuen...


betidanik omen datorkigu euskaldunoi mendiarekiko lotura berezi hori... betidanik. errito, ohitura, sinismen eta kondaira asko eta askok lotzen gaituzten inguratzen gaituzten mendi zoragarri hoiekin. guk geuk lotu dugu mendeetan zehar gure bizitza mendiarekin... mendien handitasunak erakartzen gaitu, mendien edertasunak, mendiek ezkutatzen dituzten txokoak maite ditugu, dakarzkiguten ikuspegiak, mendiek gordetzen dituzten sekretuek erakartzen gaituzte, kobazuloak maite ditugu, mendi tontorrak, malda malkartsuak, basoak, oihanak, mendiek ezkutatzen dituzten ur jauziak...

betidanik erakarri gaituzte mendiek... eta erakartzen jarraituko gaituzte zalantzarik gabe. behar ditugulako, munduaren birika direlako, askeago sentiarazten gaituztelako, beti merezi duelako aldapa gogor bat igotzeak topatuko ditugun sekretu guztiak aurkitzeko... merezi du, merezi digu.

eta betidanik datorkigunez, orain ere maite dugu, mendia maite dugu. geroz eta gehiago dira mendia behar dutenak (30.000 federatu ditugu hemen), mendiak igotzeak, eskalatzeak, elurraz gozatzeak indartu egiten gaitu, ihesbide bezala balio digu... zoragarria da.


baina bizitza ematen digun bezala kendu ere kentzen digu... eta azkenaldian bizitza asko eraman ditu berarekin, akaso, azkenaldian egin diogun min guztiaren ondorioz, akaso gertatu behar zuelako edo akaso inongo arrazoirik gabe... bizitzak eraman ditu berarekin...


eta guri haien hutsunea geratzen zaigu, baina mendia maitatzen jarraituko dugu, bizia ematen jarraituko duelako, beretaz gozatzeak zoriontsu egiten gaituelako, eta eraman dituen biziek ere hala nahiko luketeelako... zor diegulako...


agurrik beroena Marc, abuztuan mendiak eraman zintuelako eta zure hutsunea beti izango dugulako. eta agurrik beroena azken hilabetean gure artetik mendiak eraman dituenei.