Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2009-06-23

Zerrenda beltzean....

Kritikak ez ditugu entzun behar gauzak esaten ditugunean bakarrik, isilik geratzen garenean ere gauzak leporatzen dizkigute. Gai baten inguruan idazteagatik eta beste batzuen aurrean isilik geratzeagatik kritikak entzun ditut...

Eta zer pentsatua ematen du... Gai guztiei buruz idatzi beharko banu ez nuke blog bat edukiko, entziklopedia bat sortu beharko nuke. Iritzien entziklopedia. Edo blogopedia. Auskalo. Baina ez, gai zehatz bati buruz idazten ez baduzu etiketa jartzen dizute. Nahi duten etiketa.

Irabazita edo ez. Hitz egiten ez baduzu honetaz eta bai horretaz, akabo, zureak egin du. Zerrenda beltzera zoaz berriro ere.

Entziklopedia handia beharko dute zerrenda osoa osatzeko.

2009-06-18

Donostia.org

Eguneraketa: erantzuna jasoa, arazoa konponbidean...
Orain arte ez dut kexarik izan Donostia.org webgunearen euskararen kalitateaz baina azken asteetan nahiko itzulpen harrigarriak agertzen ari dira eta atzo kexa/iradokizun bat bidaltzea erabaki nuen orriak horretarako duen ataletik. Zergatik? Hau bezalako esaldi xelebreengatik "Donostiaren irudia nahi izan dezu?" eta beste zenbait perla...

Hara nire sorpresa gaur emaila ireki eta erantzuna ikustean:


++++++ al da erantzun on bat? Barkatu baina ez. Errespetu falta bat da. Gutxienez, kexan aipatzen nituen esaldiak erdi zuzendu dituzte, antza ez dira oraindik konturatu DEZU ez dela egokia, DUZU baizik. Tristea da, nabaritu egiten da zati batzuk batek egin dituela eta besteak ez. Berriro kexatuko naiz jasotako erantzunaz, ea zer dioten...

2009-06-17

Ongi etorri...

Ongi etorri oroitzapen on eta txarrei. Ongi etorri iraganeko poz eta tristurei. Ongi etorri guztiz itxi gabeko zauriei. Ongi etorri irribarre handi bati. Ongi etorri zuei.

Iraganeko oroitzapenetan murgiltzen gara berri on edo txar bat jasotzean. Ona gaurkoan. Eta mila oroitzapen buruan. Mila irribarre. Mila malko. Zorion malkoak.

Benetako irribarre bat. Benetako malkoak.

Ongi etorri besarkada luze batekin.