Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2009-12-08

EITB eta Euskara

Ez nator EITBren politikaz hitz egitera, ez azken aldaketez, kaleratzeez... Ez, gaurkoan.

Gaur haserre nator, guztiz haserre. Atzo Mikel Laboaren inguruko programa bat ETB1en emango zutela ikusi nuen nonbait eta ikustea erabaki nuen, kuriositate guztiarekin, zoritxarrez, nire gaztetasunagatik edo horrelako artisten historiaren inguruan gutxi dakidalako eta bere jatorriak eta historia ezagutu nahi nituelako... Eta jarri nuen ETB1 eta hasiera hasieratik haserretu nintzen.

Guztiz haserre ikusi nuen saio osoa. ETB1 zen, euskarazko katea izan behar zuena, hori uste nuen atzo arte behintzat. Zer eta Mikel Laboaren inguruko programan gaztelerazko interbentzio pila eta hauek denak azpititulurik gabe, eta ez hori bakarrik, katalanezkoak ere azpititulurik gabe, eta ez banago oso oker, alemanez edo beste hizkuntza batean zen zati batean azpitituluak bai, baina gazteleraz.

Ole, ole y ole!

Ez dute gehiago merezi.

2009-11-17

Korapilatzen

Eta konturatzen naiz azken aldian ez dudala batere zaindu bloga... Ez bere osotasunean ez ataletan ere... Eta ez dudala hitz egin lehen buruan maiz izaten nituen gaiez... Osasunaz, osakidetzaz, terapia alternatiboez (medikuntza tradizionala izenak beraiek beharko lukete izan, baina hori beste baterako), energiez, ilargiaz...

Ezta gripeAz ere... eta hobe, ze esaten hastekotan asko dago esateko. Eta bihar beste soka bati helduko diot, beno heldu edo, soka horrek nonbaitera ote naraman ikusiko dut, beno ez, nik badakit, sendagileek ikusiko dute... eta sokak nahikoa tiratzen badu horren atzetik joango dira, eta entzun egingo didate azkenean... eta bestela, ea beste soka erdi ustelen bat topatzen duten...

Baina energia ona dut barruan orain, harmonia. Eta osasunaren bidean ez omen dago harmonia baina ezer hoberik...

Sokari heldu eta korapilo estu-estu bat egin gehiegi korapilatu ez dadin

Orijinaltasunaz...

Aurreko posteko erantzun batek nakar gai honen inguruan idaztera. Beti pentsatu izan dut orijinala izatea gehiegi baloratzen den zerbait dela... ez dakit nola azaldu, ez dela garrantzitsua. Nortasun kontua dela iruditzen zait. Nortasunak markatu behar duela janzkera, pentsamoldea, idazteko gaia edo elkarrizketa... Puri-purian dagoen gai batez hitz egiteak ez orijinal izatera bagaramatza, ba primeran! Ez dut orijinala izateko inongo asmorik.

Inguratzen nauenak eragiten dit, eta eragiten dudanaz pentsatzen dut, pentsatzen dudanarekin sentitu eta sentitzen dudanaz adierazi... eta inguratzen nauenak baldintzatzen nauenez ez naiz sekula orijinala izango. Ez dut sekula axola ez zaidan gai batez hitz egingo, beno, agian igogailuan bai... baina horretan ere ez naiz orijinala izango (eguraldia...) eta berdin zait.

Inguratzen nauenak kezkatzen ez nauen egunean izango naiz orijinala ziurrenik, baina egun horretan, egun horretan bertan hilik egongo naiz.

2009-11-13

Aldaketa garaia

Badira zenbait aste gai bat burutik kendu ezinik nabilela, eta hala jarraitzea espero dut. Dena, LABen Donostiako egoitzako atxiloketen ondorio. Bagenekien denok aldaketa bazetorrela, denok geunden zerbaiten esperoan, ilusioz. Eta denok beldurtzen gintuena gertatu zen, zetorrenaren beldurrez, aldaketa ekar zezaketenen aurka egitea erabaki zuen Espainiak, ilusioa itzaliko zigutelakoan.

Eta ez zuten lortu ez, alderantziz. Ilusio horri indarrez heltzea azkartu zuten. Herri baten erantzun izugarria ikusi zuten 3 egunen buruan. 3 egun nahikoa izan ziren bakoitzak bere arrazoiekin Donostiako kaleak hartzeko. Eta ilusio hori gehiago piztea lortu genuen, egun historikoa izango da niretzat eta beste askorentzat ziur.

Eta ilusio horren garra ez da ez erraz itzaliko, aldaketa garaia da eta ezin da ekidin, herria ilusioak hartu du, ilusioak indarra eman digu eta horrek kontzientzia ekarri digu. Aldaketaren kontzientzia.

Bakoitzak nahi duen neurrian, nahi duen arloan, kulturan, politikan, hezkuntzan, hizkuntzan, etxean, kalean, auzoan, herrian, hirian, tabernan, elkartean edo komunean; bakoitzak nahi duen neurrian kontzientzia hartu eta aldaketari indarra ematea ekarriko du honek. Hau ez dago gelditzerik, eta arlo guztiek dute garrantzia, helburua, herri indarra. Bidea... aldaketa.

Eta etiketa gaur, Giz-artea, eta ez Politikaz... zergatik? asmatu...

2009-10-23

Behobiaren beroketetan

Nabari da Behobia-Donostia lasterketa berehala izango dela. Berdin dio zein ordutan ateratzen zaren kalera, bat baina gehiago ikusiko duzu korrika, eta gehienak fuerte samar gainera.

Beti gustatu izan zait Behobiak sortzen duen giroa, ez da beste lasterketak bezalakoa, zerbait gehiago da, jende asko mugitzen du; askok urte osoan egiten duten lasterketa bakarra da, apustu askoren mamia, urte batzuetan betetzeko helburua... eta ikusle askorentzat urteroko zita.

Baina aurreko egunek ere badute zer aipatua... lasterketan bertan gauza kurioso asko ikusten badira ere (mozorroak, haurtxoen aulkiekin korrika dabiltzanak...)egun hauetan gauza arraro dexente ikusten ari naiz. Bakoitzak lasterketa prestatzeko bere modua du, guztiz errespetagarria baina... askotan barregarria.

Atzo bertan gizon bat ikusi nuen 55 urte inguruko, galarretatik miramonerako aldapan gora, bizkor zijoan, baina haren erropari begira soilik geratu ahal izan nuen. Kiroletako zapatilak zeramatzan (ongi, ongi!), galtza motz zabal batzuk belaunaren gainetik (ongi...), bisera bat zeraman buruan, baina plumifero batekin ari zen korrika, lodi-lodi horietako batekin... kuriosoa. Galtza motzak + plumiferoa...

Kontraste gehiegi... akaso Behobian erabiliko duen mozorrorako ohitzen ariko zen... ikusiko da!

Dultzemeneoa

Aspaldi entzun gabe nuen hitza... eta ze hitz polita! Ez zaizue iruditzen?

Eta zer da zehazki zuretzat dultzemeneoa? Sueltoan dantza egitea? Gertuxeago dantzatzea? Trikitixa hotsekin dantzatzea? "Agarrauan" dantzatzea? Dantza baina zerbait gehiago? Dantza horizontala?

Ze hitz polita... Ez dadila galdu!

2009-09-27

Emakumea elizan

Eta bai... elizan sexua praktikatzeak izan behar duen morboa alde batera utziaz eta elizaren betiko "sota-caballo-rey"-ak alde batera utziz... zergatik ez dute sexua naturaltzat jotzen? gozatzeko gauza on bat bezala? plazer bezala?

Aste honetan pare bat berri izan ditugu; alde batetik, hurrengo eguneko pilula farmazian eta errezetarik gabe salduko dutela... nire ustez, akats larria. Mediku batek errezetatu eta zure historia klinikoaren arabera gomendatu beharko lizuke, ez inondik inora ezagutzen ez zaituen farmazialari batek, eta gutxiago dituen ondorioekin... kontuz neskak paliza on bat emango baitio zuen gorputzei... ez ahaztu gu garela gure gorputzen jabe, eta kondoirik ez badu nahi, joan dadila eskuarekin jolastera!

Eta bestetik abortuaren lege berria.... guztiz beharrezkoa, erregulazioa. Prostituzioarekin bezala, baina ez dute ikusi nahi. Ez dute ikusi nahi erregulazioak bukatuko duela mafiekin eta eskubi faltarekin...

Ala bai... ikusten dute... baina eliza dirua da.... eta ez, dirurik jasotzen ez badute ez zaie gustatzen. Elizarentzat emakumea gizonaren menpe dago...eta ez, barkatu baina ez, gu ez gaude inoren menpe. Berdinak garenean, eliza desagertuko da. Eta bitartean, gutxienez, doazela infernura apaiza pederastak...

2009-09-17

Sekreturik handienak kuleroak zirenean...

Beti gustatu izan zait lentzeria eta kuleroeen mundua. Miresgarria iruditzen zait. Horren mundu zabala da eta horren ezezaguna batzuetan...

Batzuetan diot gaur egun askori ikusten diegulako tanga, edo kuleroak, edo daramatena baina ikusten ez denean hasten da misterioa. Joko bat proposatuko dizuet, bihar ikusten dituzuen 10 emakumeren kuleroak imajinatu... ziur nago 5 baina gehiago ez zenituzketela asmatuko...

Hau mundua, hasi tanga txikienetik, hiru soketatik eta bukatu titietaraino iristen diren "amonen kuleroetan"... miloika forma, kolore, tela, marrazki... mundu bat. Mundu liluragarria.

Eta beste joko bat, neskok, joan zuen kuleroen kajoira eta kontatu zenbat motakoak dituzuen, asko behin erabilitakoak, edo behin ere ez... beste batzuk gasta-gasta eginda dagoeneko...eta mutilak joan gertukoen duzuen emakumearen kuleroen kajoira (baimenik baduzue sekretu horietan murgiltzeko...)... mundu bat kajoiean.

Eta hori ez ditugula media, ligero, konbinazio, bularretakoak... aipatu...

Utzi hegan zuen imajinazioa eta kontatu zein kulero nahiago duzuen...

2009-08-30

ez geratu agerikoan



Ez geratu agerikoan. CORRUCTO horrek badu berea... baina EGIN KLIK ARGAZKIAN. hobea da atzeko idatzia.

Agerikoen atzean begiratzen ikasi behar da.

2009-07-21

Gaur egungo gazteak...

Gaur egungo gazteekin edozer gauza...

Zenbat aldiz entzungo ote genuen esaldi hau. Eta zenbatetan entzungo dugun...

Eta arrazoia badute ere, mundua asko aldatu dela, gaur egungo gazteok beste bizitza bat daramagula, askatasun gehiago ditugula... eta nahi duten guztia.

Baina ez, azken bortxaketen errudun ez dira gaur egungo gazteak. Ez dira gazte izatera ere iristen kasu batzuetan.

Kezka, lotsa eta beldurra sortzen dit honek guztiak. Kezka ez delako behin bakarrik gertatu eta gehiagotan gerta daitekeelako. Lotsa, beraien guraso eta ingurukoengatik. Beldurra, hori delako dagoena.

Beti kalean lasai, bakarrik ibiltzeko arazorik gabe ibili naizelako eta gaur egun gauez bakarrik ez naizelako seguru sentitzen. Mundua erotzen ari da. Ez ote gaitu gu ere erotuko...

2009-07-01

Ez naiz monarkia zalea....

Eta mundua geratu egin dela dirudi. Han eta hemen malkoak. Han eta hemen omenaldiak, bideoak, hitz onak...

Pop-aren erregea hil omen da. Eta hitz onak besterik ez dira entzuten. Mundu guztiak idolatratu behar duela dirudi.

Ba ez, ez naiz errege zalea. Ezta idolo zalea ere. Eta ez, ez zaizkit eredu izan nahi duten horiek gustatzen. Ezta idolatratzen dituztenak ere.

Eta gutxiago horrelako batena. Barkatu ezin dut horrelako "pertsona" batena esan.

2009-06-23

Zerrenda beltzean....

Kritikak ez ditugu entzun behar gauzak esaten ditugunean bakarrik, isilik geratzen garenean ere gauzak leporatzen dizkigute. Gai baten inguruan idazteagatik eta beste batzuen aurrean isilik geratzeagatik kritikak entzun ditut...

Eta zer pentsatua ematen du... Gai guztiei buruz idatzi beharko banu ez nuke blog bat edukiko, entziklopedia bat sortu beharko nuke. Iritzien entziklopedia. Edo blogopedia. Auskalo. Baina ez, gai zehatz bati buruz idazten ez baduzu etiketa jartzen dizute. Nahi duten etiketa.

Irabazita edo ez. Hitz egiten ez baduzu honetaz eta bai horretaz, akabo, zureak egin du. Zerrenda beltzera zoaz berriro ere.

Entziklopedia handia beharko dute zerrenda osoa osatzeko.

2009-06-18

Donostia.org

Eguneraketa: erantzuna jasoa, arazoa konponbidean...
Orain arte ez dut kexarik izan Donostia.org webgunearen euskararen kalitateaz baina azken asteetan nahiko itzulpen harrigarriak agertzen ari dira eta atzo kexa/iradokizun bat bidaltzea erabaki nuen orriak horretarako duen ataletik. Zergatik? Hau bezalako esaldi xelebreengatik "Donostiaren irudia nahi izan dezu?" eta beste zenbait perla...

Hara nire sorpresa gaur emaila ireki eta erantzuna ikustean:


++++++ al da erantzun on bat? Barkatu baina ez. Errespetu falta bat da. Gutxienez, kexan aipatzen nituen esaldiak erdi zuzendu dituzte, antza ez dira oraindik konturatu DEZU ez dela egokia, DUZU baizik. Tristea da, nabaritu egiten da zati batzuk batek egin dituela eta besteak ez. Berriro kexatuko naiz jasotako erantzunaz, ea zer dioten...

2009-06-17

Ongi etorri...

Ongi etorri oroitzapen on eta txarrei. Ongi etorri iraganeko poz eta tristurei. Ongi etorri guztiz itxi gabeko zauriei. Ongi etorri irribarre handi bati. Ongi etorri zuei.

Iraganeko oroitzapenetan murgiltzen gara berri on edo txar bat jasotzean. Ona gaurkoan. Eta mila oroitzapen buruan. Mila irribarre. Mila malko. Zorion malkoak.

Benetako irribarre bat. Benetako malkoak.

Ongi etorri besarkada luze batekin.

2009-05-15

Izenik ez....

Ez diot izenik topatzen sentimendu bati. Amorrua, beldurra, haserrea, tristura... ez, horiek ez dira nahikoa. Azken aldian behin eta berriz entzuten ditut sexu erasoen inguruko berriak...

Eta sexu erasoak beraien horretan nahikoa ez balira, azken aldian irakurtzen ditudan honen inguruko sententziak... negargarriak dira....

Alaba urtetan bortxatu duzula? 6 urte besterik ez kartzelan...
Sexu erasoengatik lehenago behin baina gehiagotan kondenatua izan zarela eta berriro harrapatu zaitugula? Urtebete...
Sexu eraso bat egin duzula baina ez zinela bortxatzera iritsi? 3 hilabete...

Hori da justizia. Hori da. Ez besterik. Biktimei eta ingurukoei bizitza izorratzen diete eta hala ere... kalean berehala.

Eta ez naiz hari bizi osoko kartzela zigorraren alde, ez horixe, inondik inora. Baina izan daitezela benetan zigorrak eta ez opor ordaindu batzuk hurrengo erasoa pentsatzen joateko...

Izan daitezela zigor efektiboak eta berriro erasorik egingo ez duten pertsonak atera daitezela kalera... ez dezagun berriro entzun bortxatzaile bat aske uzten dutenean, agintarien ahoetatik "badakigu berriro erasotzeko arrisku handia dagoela baina ezin dugu ezer egin..."

Hitzik ez sentipen honentzat.

2009-05-05

Zoratzen ari naizela hasi naizela...

Aspaldi idatzi gabe... eta ez gai faltagatik, gai gehiegi daudelako baizik ziurrenik... aukeratu beharrak atzeratzen zuen egunero sarrera berri bat egitea... baina aukeratu beharrean hobe aukeratu gabe utzi...

Idatz genezake gripeari buruz, edo beste mila gaixotasunez, edo batzuen emazteen ipurdiez, edo beste baten senarraren bekainez, edo gobernu aldaketaz, edo gobernurik ezaz, edo txerriak hiltzeaz, edo esnearen prezioaz, edo italiar batzuen dibortzio katolikoaz?

Edo idatz genezake... idatz genezake munduaren izenean...

..................dirauts psikoanalistak.....................

2009-03-26




Animaliengandik asko ikasi behar dugulako.
Guk baina askoz gehiago sentitzen dituztelako gauza on eta txarrak.
Gaizki gaudenean alboan ditugula esnatuko garelako.

Guregatik edozer egingo dutelako.

2009-03-02

100.000 ahots baina gehiago isiltzen saiatzen denak
ezin du
herri baten izenean hitz egin, erabaki
ezin du
bere burua irabazle duintzat ikusi

ezin du
ezin dute
ez dute
herri baten gobernua osatu.

100.000 garraxi, asko dira.

2009-02-26

Mila esker!!!!!

berezixa izan da denbora hau!

2009-02-06

Atzera begira....

Noizean behin atzera begira jartzea gustatzen zait. Garunaren txoko batean gordeta zeuden oroitzapenak aztertzea... ikustea, sentitzea. Eta gaur halako zerbait egin dut... aurreko sarrera guztiei begira jarri naiz eta zenbat gauza ezkutatzen diren testu bakoitzaren atzean...

Argazkiei begiratzeak baina gauza gehiago ekartzen ditu gogora, argazkiak une onetan ateratzen ditugu eta normalean... Gauza txarrak oroitzea ere ona izaten da...

Eta zenbat aldatzen diren gauzak denbora gutxian, zenbat aldatzen ditugun...

Gogoratzen?

Ezagutu ginen egunaz? Ez dakit nongo festetaz? Udaberri, udara, udazken eta negu eroez? Andoainez? Hernaniz? Donostiaz? Gasteizez? Oiartzunez? Urnietaz? Dei galduez? SMSez? Ametsez? Besarkadez? Kilimez? Muxuez? Erromatarrez? Zubiez? Agur behartuez? Ongi etorriez? Esaldiez? Egiez? Gezurrez? Esan gabe geratutakoez? Bideez? Bidezidorrez? Opariez? Arantzez? Sexuaz? Eskailerez? Hondartzaz? Orduez? Ertzainez? Lotsaz? Erakarpenaz? Tentsioaz? "Batzuek kimika deitzen diote" testuko gauaz? Errege egunaz? Fideltasunaz? Edo fideltasun ezaz? Mangaren bila ibiltzeaz? Ilusioaz? Begiradez? bEROtasunaz? ...?

2009-02-04

Berdintasunak desberdintzen gaitu....

Desberdinak gara. Gizonak eta emakumeak desberdinak dira. Baina desberdinak izanagatik ez dugu emakumeok gutxiago izan behar... Desberdinak gara fisiologikoki, psikologikoki... baina gizarte berean bizi gara, bizi behar dugu.

Gizartea gizon eta emakumeok osatzen dugu. Eta eskubide eta betebehar berdinak izan beharko genituzke. Errespetu berdina gizonari zein emakumeari. Baina urteak, mendeak dira emakumeonganako errespetua nonbait galdu zenetik... Eta antza askok ez dute berreskuratzen laguntzeko inongo asmorik...

XXI.mendeko gizarte zoragarri honetan emakume asko erailak dira egunero. Eta torturatuak, eta gutxietsiak, eta esplotatuak.... bai, maitasunaren izenean. Maitasunaren izenean egiten omen dute. Maite dituztenei egiten diete. Hori uste dute behintzat; maitasuna hori bada hobe dugu axola zaizkigunak gorrotatzea ziurrenik hala min gutxiago emango diegu eta....

Eta badira beste batzuk, kaletik bakarrik doan emakumea bortxatzen dutenak... Eta min fisikoa baina handiagoa eragiten dute... bizi guztia iraungo duen mina, beldurra, segurtasun eza... eta ez lehen pertsonan sufritzen duenarentzat... gizarte guztiari egiten zaio mina da, edo izan beharko luke. Emakumeari eta gizonari.

Eta protestako ekintzetan emakumea da ugariena... tristea. Akaso gizonezkoek ez dute lotsa, amorrua sentitzen?

Zorionez ez nau inork halakorik lehen pertsonan bizitzera behartu, baina asko gara lehen segurtasun osoz kalean ibiltzen ginenak eta orain bakarrik ibiltzeak beldurra ematen digunak... Eta beldurrak akatzen gaitu.

2009-02-03

Topikoak tipiko bihurtzen dira topikoak tipikotzat hartzen dituen jendea dagoenean.

Topikoek itoko zaituzte topikoek ingura zaitzaten uzten duzun bitartean...

Zergatik ez zeu izan?

Hurbildu, urrundu, berotu, hoztu, irria, malkoa, burua, bihotza... zuria, beltza...

eta zergatik ez grisa izan?

2009-02-01

Makarroiak bokadilloan


Askotan ulertzen ez dugun zerbait esaten digutenean ala itxoinarazten digutenean burua bueltaka hasten da... eta imajinazioa martxan hasten da.

Baina pentsatzen jarrita....... makarroiak bokadilloan goxoak egon behar dira ba...

Eta gai horrekin bertsoa botatzera animatzen denik? Benga! Julen? Beste norbait?

2009-01-23

Ez...

Ez zait gustatzen politikarien mugimenduez hitz egitea, ez zait gustatzen hauteskundeez hitz egitea ezta berehala hauteskundeak direla pentsatzea ere. Eta ez ditugun agintariak gogoko ditudalako... ez, ez.

Ez zait gustatzen gauzak nola jartzen ari diren ikustea. Eta ez zaizkit hauteskunde kanpainak gustatzen. Denek beren indarrak erakutsi behar hori.... eta zein izango da modu hobea ahul ahultzea baino?

Lehenengo partidu bat eta gero beste bat eta beste bat eta beste bat ilegalizatu dituzte. Eta orain ere hortan ari dira. Baina ez dute horrekin nahikoa antza. Ideia batzuen adierazgarri izan nahi duten guztiak atxilotzeak ematen du eurentzako modurik seguruena. Noski, denok kartzelan bagaude errazago egingo dute nahi dutena.

Baina lekurik gabe geratuko dira... agian hobe dute Euskal Herria makrokartzela bihurtzea...

2009-01-19

...diru publikoa...

Hori izan da polemikaren zutabeetako bat.

Diru publikoz ordaidu zutela kartzela hartako stripteasea...

eta diru publikoa gora eta behera...

Eta noizean behin entzuten zen zerbait emakumearen degradazioaz eta sexu delituez edo genero indarkeriaz...

Baina zer arraio? Diru publikoa zalantzazko helburuekin erabiltzen dela denok dakigu eta hala ere askotan ezin sinistu geratzen gara. Akaso norbaitek ez du gogoratzen "sueldo vitalicio" terminoa?

Baina gaia zera da, stripteasea gizonezkoen kartzelako modulu batean. Eta bai, noski, aurka. Aurka sexu delituez eta genero indarkeriaz akusaturiko jendearen aurrean emakume bat biluzteaz. Ez zait egokia iruditzen.

Ez nago stripteasen aurka baldin eta askatasun osoz egiten diren, egiten duenak nahi duelako; ez paperengatik, ez mafia bat atzean duzulako ez beste ezer. Baina ez zait lekurik egokiena iruditzen.

Eta are gutxiago diru publikoz ordaintzea.....