Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2008-09-22

EHU, GAUR eta SOFTWARE LIBREA

Aurtengoa da EHUko automatrikula internet bidez edonondik egin daiteken bigarren urtea... eta arazo berdinek diraute.

Iaz poz-pozik abiatu nintzen esandako orduan matrikula egitera Gasteizera joan beharrik ez nuelako... eta hasi nintzen, hasi nintzen bai. Beti bezela Mozilla Firefox erabili nuen, eta itxuran dena ongi zebilen. Ikasgaietara iritsi aurretik datu estatistiko batzuk bete behar dira, datu pertsonalak... eta hori guztia egin nuenean iritsi nintzen ikasgaiak hautatzeko orrira.

Hautatzen saiatzen nintzen eta ez zidan uzten, bat probatu eta gero bestea, eta bestea eta ezer ez... inzidentzien telefonora lehen deia. Berriro hasieratik hasteko esan zidaten, eta berriro aurreko pausu guztiak ondo egin ondoren arazo bera. Bigarren deia. Nire konexioak edo ordenagailu motelak izango zutela errua... ezinezkoa, laneko ordenagailu potentetik ari nintzen... eta berriro saiatzeko esan zidaten. Berriro pausu guztiak eta...... berriro arazoa. Hirugarren deia..... eta oraingoan beste batek hartu du zenbakia... lehenengo galdera: zer nabigatzailerekin ari zara? .....Internet Explorer erabili behar duzu. Nire harridura, haserrea... ulertzen ez nuela esan nion eta arazoa konponduko zutela aurten nabigatzaile guztiak erabiltzeko, lehen urtea zela....aitzakiak.

Internet Explorerrarekin berehala lortu nuen matrikulatzea.

Eta aurreko astean berriro tokatu zitzaidan matrikula egitera... eta iaz bezala hasi nintzen... eta iazko arazo berdin berdinekin topatu nintzen... eta haserre deitu nuen eta "ez da gure errua" esan zidaten... nire errua izango balitz bezala... eta Explorerra izango ez banu? Matrikulatzerik ez?

Baina kontuz... gero mila programa izango dituzte software librea bultzatzeko... baina etxekolanak egin gabe....

2008-09-11

mina plazer?




Askotan entzun diot jendeari depilazioak izugarrizko mina ematen duela, behin depilatu eta gero "kutxilara" pasatzea erabaki duen jendeaz...

Baina beti pentsatu izan dut ez duela hainbesteko minik ematen, are gehiago, plazer bat dela esango nuke. Mina ematen du batzuetan baina beti da plazerra. Garrantzitsu sentiarazten dizu, polit eta "mimatu" egiten zaituzte.

Zu iritsi, erdi biluztu eta amakan etzaten zera. Orduan begiratzen hasten zaizu emakume polit bat eta argizari beroa jartzen dizu azalean edozein kontu kontatzen hasten zaizun bitartean. Eta berehala hasten dira ziurrenik gezurra diren hitz politak: "ze ondo daukazun azala", "ui zenbat argaldu zeran..."

Eta zu bitartean etzanda, beroa, tiroia eta eskua nabaritzen gorputzean zehar.

Eta amaitu aurretik krema hotza masaje goxo batekin lagundua.

Eta erregina bezala joaten zara etxera.

Zergatik ez diozue mutil askok beldurra? Gustatuko ote zaizuen beldur ala?

2008-09-01

zuria beltz

Inolako arrazoirik gabe gauzak gaizki jartzen direnean gauza guztiak beste era batean ikusten hasten gara.

Gehien zaintzen garen uneetan gaixotzen garenean, sendatu beharrean okerrago jartzen garenean, egunetik egunera ahultzen goazela ikustean eta froga batetik bestera norantza galdurik goazenean ezin ulertuan erortzen gara.

Eta pentsatzen jartzen gara gauza guztietan buruko minak uzten digun bitartean. Eta akaso sukarrak garamatza lehenago izan ez genituen pentsamenduak izatera eta are gutxiago ulertzen dugu.

Eta hoberen geunden unean gertatzen bazaigu ikasketak, lana eta bizitza ondo doakigunean gertatzen bazaigu hondoratzen hasten gara unibertsoko zulo beltz horietako batean.