Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2007-09-22

berriro, mendiak eraman zaitu

eta berriro gertatu da.

beste behin.

Anboto izan da oraingoan protagonista.

Bizitza gogorra izan duzu azken urteetan eta horrelako amaiera ezin zuen inork espero.

Muxu handi bat familia eta gertuko lagunei.

Niretzat ezagun bat besterik ez zinen, noizean behin poteren bat eta gehiagorik ez baina ez. ezin dut sinistu.

Muxu bat Trujo faltan botako duzuen guztiei eta besarkadarik handiena.

2007-09-18

Bakea…

Bakea nahi dutela entzuten dugu behin eta berriro alde batetik eta bestetik…

Ezin dela bakerik egon atentatuak dauden bitartean…

Ezin dela borroka utzi errepresioak dirauen bitartean…

Oso ongi… ados. Bi argumentuekin ados.

Baina euskalduna naiz eta gainera gaztea…

Akabo! Nireak egin du. Kontrolak edonon, edonoiz eta nahi duten eran, nola bestela?

Ordubete, ordu erdi, ordu terdi… zer axola die… gauza da beraiek nahi duten arte edukiko zaituztela hor. Nahi duten guztia esango dizute, zure lagunez, familiaz… galdetuko dizute eta zu hor, bakarrik, kotxeak, jendea… pasatzen ikusten dituzu. Batzuek “algo habrá hecho” besteek “joe gizajoa, gainera bakarrik dago” esango dute… eta zu hor, esaten dituzten astakeriak entzuten…

Zer tristea… bakea… bai bai, nik ere bakea nahi dut. Ez dut nahi lanera ordubete beranduago iritsi nahi. Ez dut trenean lasai lasai natorrenean bapatean berdez jantzitako gizontxoak bertan sartu eta motxila bat dudalako karneta eskatzerik nahi. Ez dut alde zaharretik noanean gaizki begiratu nazaten nahi. Ez dut inongo arrazoirik gabe pilota edo porra batek nire gorputza kolpatu dezan nahi.

Ez dut hori guztia nahi. Ez dut nahi eta gainera ez dut merezi… hori egiteko gai denak benetan bihotzik baduen galdetzen diot nire buruari…

Erantzun proportzionatuak omen dira… izua, beldurra, kolpeak, kontrolak edonon…

Eta gero esango didate gure erruz ez dagoela bakerik…

Bi astetan Oiartzunera etortzen bi kontrol pasa behar izan ditut, bat errepidean, bestea trenean… eta galderak, mina eta izua eragin nahi duten hitzak… ni lanera bake bakean nentorren… eta beraiek dira bakezaleak…

2007-09-08

tradizioaren izenean.....


tradizioaren izenean....

Tradizioaren izenean gaur goizean Hondarribiko kaleak mozorrotutako jendez bete dira... Ai ama.... eta gainera pozik egon behar dugu aurten ez dituztelako plastiko beltz handiez estali Hondarribiko kaleak.

Tentsio gutxiago egon omen da komunikabide gehienen arabera, batzuek ez dute ezer ere esan.... BARREGARRIA. Tradizioaren izena erabiltzen dute "alarde tradizionala" babesten duten guzti horiek. Oso oso polita. Benetan. Alardean beraien ustez emakumezkoek ez genuke parte hartu behar... noski... etxean egon beharko genuke gizonentzako bazkaria prestatzen! A ze burutapena, herriko egun handiko festa handian parte hartu nahi izatea ere... pentsatze soilak lotsa eman beharko liguke.

Mesedez, zertan ari zarete? Zer lortzen duzue mozorro horiekin? Zer lortzen duzue bizkarra eman eta aurkako oihuak etengabe eginez? Zer kalte egiten dizuete alarde mistokoek?

Bai, orain esango didazue ez naizela Hondarribikoa eta ezin dudala ulertu. Ba ez, ez naiz Hondarribikoa eta ez, ezin dut ulertu. Ezin dut ulertu nola oraindik ez duten alarde tradizionala debekatu, bai, debekatu esan dut, ez dituelako pertsona guztion oinarrizko eskubideak betetzen. Ez digulako parte hartzen uzten. Debekatu egin beharko lukete konpainia tradizional eta "berriek" batera alardea egiten ez duten bitartean. Eta emakume izan eta jai batean parte hartzeagatik oihuak, mezprezuak eta... egiten dituzten guzti horiek atxilotu ditzatela pertsonen oinarrizko eskubideak ez errespetatzeagatik.

Zer? Tradizioaren izenean denetik egin ahal daiteke? Tradizioaren alde egiten al dute "alarde tradizionalistakoek" bizitzaren alderdi guztietan? Agian bai. Agian gaur mozorrotuta zeuden guzti horiek Erdi Aroan bizi dira... Noski eta neska gaztetxo horiek ez dute ikasiko. Ez, eta emakume horiek guztiek ez dute etxetik kanpo lan egingo... Gizonen esanetara, nahietara egokituko dute bizitza guztia. Etxea zaintzen eta etxekolanak egiten pasako dute urte osoa. Eta noski, gizonak jotzen baditu ere isilik hartuko dituzte kolpeak... noski... tradizioaren izenean edozein gauza....

Mozorrotu zaitezte bai, niretzako gaur erakutsi duzue benetan duzuen aurpegia eta izaera... PAILAZOAK besterik ez zarete. Ez zarete konturatzen zapalkuntza besterik ez duzuela goraipatzen tradizioaren izenean...

Zuek alarde mistoko jendea kritikatzen zeundeten bitartean beste emakume bat hil du bere senarrak, tradizioaren izenean, eta milaka neskatxek derrigorturiko sexu-harremanak jasan dituzte... bai bai, hitz egidazue tradizioaz.......

Eta esaidazue ezin dudala hitz egin bertakoa ez naizelako... donostiarra naiz eta zorionez, askoz intelijentzia handiagoa erakutsi du donostiak... 25 urte baina gehiago dira emakumezkoak danborradan ateratzen garenetik... inongo iskanbilarik gabe, guztien eskubideak errespetatuaz.

Eta kritika nazazue... argumenturik baldin baduzue behintzat...

Baina azkar! Ezin duzue eta ordenagailua erabili, duela 200 urte ez genituen eta... segi Erdi Aroan!